Saturday, February 9, 2013

Euskal Herria-Aberria

Oraingoan ez dut gehiegi idatziko, gure herriari buruz hitz batzuk. Euskal Herria zer den definitzea ez da erraza, makina bat borroka, gatazka, ez-ulertu eta historia beltz egon dira gure inguruan.  Niretzat Euskal Herria, lehenik eta behin ezagutu behar den toki bat da, eta ezagutu ahala maitatuko duguna, bere lurralde, mendi, hiri, itsaso, erreka, basamortu eta biztanle. 

Abertzalea izango naiz ziurrenik, baina nire aberria horixe da, nik maite dudan lurraldea, ez beste ezer, ez dut nahi beste ezertxorekin nahastu gaitzaten, nik gure lur hau maite dut, gure hizkuntza, gure kantuak, dantzak, laguntasunak eta negar egiteko moduak.


Orain dela gutxi Xabier Leteren poema errezitaldi batean entzun nuen hau, eta ezin dut hobeto adierazi aberriak niregan eragiten duena. Hauxe da:



SARRERA:
Gaur, izan ginen hartatik ia ezer ez denean geratzen
Berriro txuriz jantziak ikusi ditut mendiak
Ekialdeko bortu ederrak begiratu ditut hunkituak
Eta barnearen barne barnekatuenetik
Esnatu zait denboraren abaraskaren pean estalia zegoen mantua
Goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza…

AMAIERA:
Basoilarrak kantatzen düzü Iratiko basuan…
Nik askotan pentsatu izan dut
Aberria nunbait baldin badago ez dagoela ez ideologiatan ezta politikoen erranetan;
Aberria musika eta kantu xahar hauetan dagoela
Hor sentitzen dena, ni behintzat kokatua eta emozionatua
Eta paisana bat ikus genezake, hantzeman genezake, ororena,
Aspalditik letorkigukeena, hain hunkigarria…



Bideoa ere jarri egin dut, merezi du, benetan, kanta entzutea. Amaieran Xabier Leteren hitzak ez dira oso ongi entzuten, baina hor goian duzue esaten duena. Eta horixe da hain justu, nik neronek sentitzen dudana, horixe da aberria niretzat, eta ez beste makina bat tontakeri nonbaitetik sartu nahi digutenak.



Sarrera eta amaiera bitartean, Joxen Goikoetxeak "Basoilarrak" kanta herrikoiaren interpretazio zoragarri bat egiten du. Hunkitu egiten naiz bai kantarekin, bai Letek dioenarekin, "horixe naiz ni, hori da nik esan nahiko nuena", pentsatu nuen entzun nuenean.


Eta ezin hau amaitu Benito Lertxundiren "Oi ama Eskual Herri" kanta jarri gabe. 

Herrigintzan

Herriko lanetan ibiltzeari eta norberaren probetxurako ez diren lanetan ibiltzeari herrigintza deitzen diot. Makina bat jende ibiltzen da, gure inguruan, norberaren mesedetan ez diren lanak egiten. Miresmen osoa diet nik horrelako jendeari. 

Garai batean, Ataunen, oso hedatua zegoen auzolan kontzeptua, herritarrek, elkarlanean lan asko eta asko egiten zuten, lana egin, lagunartean egon, hitzegin eta hamaiketako eder batekin, gustora hurrengorarte.

Auzolan asunto hori galtzen joan da pixkanaka, gaur egun ez da erraza gure gizarte geroz eta indibidualistagoan talde lanerako jende gogotsua bilatzea, nik ikusten dudana nire inguruan bakoitzak berea egin eta kitto, hor konpon, lana egin dezala aldamenekoak, nik nire asunto eta gauzak baditut, ez dit gehiegi ajola beste edozerk.

Nik neonek ere auzolan handirik ez dut egin gaztetan, oain pentsatzen jarrita, iruditzen zait izu samarra eta nerekoia nintzela garai haietan, ez nintzen kontziente bazeudela inguruan lana egiteko motibo ugari. Denbora pasa ahala, bilatu ditut arrazoi ugari auzolan edo herrigintza hori egiteko, bai, egiteko, inplikatzeko eta indarra egiteko, eta gustora egiteko gainera, ikusten baitut, gure herri honen ezaugarrietako bat horixe dela, denok lana egitea denon onerako.

Egia esango dizuet, makina bat alditan egon naiz halako bilera edo halako tokitara joan beharra nuela eta ez joateko zorian, baina aitzakia merkerik ez dago bilatzerik, eta momentu batzutan gogo handirik ematen ez duen arren auzolaneko dinamika horrek (batez ere neke handia eta konpromezua eskatzen dutelako), badkit gero jasotzen den fruituak merezi duela, eta beraz, egin beharra dagoela.

Irakurtzen ari zaren hori ere, bai zu, zuk ere badaukazu zer egitekorik. Ziur egon zaitez, geldi egonda ez duzula lortuko eta beraz, utzi alde batera pereza eta alperkeria, eta ekin herrigintzari.

Gaurko kanta: "E, txo!", Hertzainak taldearena. Kantan esaten duen moduan:

Eh txo! Gehiegi itxoiten duk...
Atera hadi kalera,

ta berreskura hire martxa 
itxoiten ezin duk ezer lortu






Friday, February 8, 2013

Ostiral gauak

Asteko egunik onena izaten da ostiral arratsalde-iluntzea. Gaurkoa ere bai. Eguraldi heze, hotz eta lainotua daukagu, etxe barruan gozo egoteko aproposa. Bihar goizean lanera joan beharrik ez eta lasai lo egiteko aukera ederra izango dugu. Ostiral arratsaldeak niretzako gozada bat dira, etxean lasai egon, astean zehar egin ez daitezkeen gauzak egin (txirula jotzen hasi naiz berriro, telebista ikusi, txalapartako saio bat egin...) eta ohera oso goiz joan beharrik ez dagoenez, sutondoan blog honetan zerbait idazteari ekin.

Ihauteri giroa somatzen da otsaileko asteburu hotz honetan, jendea gustora ibiliko da Tolosa inguruan, juerga eta festa giroa nagusi, baina ez dut uste ni haruntza joango naizenik, Naparroa aldeko mendien deia somatzen dut eta buelta batzuk egingo ditut, elur dexente egin du eta ea horrela den edo ez konprobatzera.

Asteburu lasaia aurrean dugu, eta ostiral hau horren aurrekaria izan da. Ataungo bailara eder eta patxadazko honetan, mendiak elurtuta ikusten ditut, elurra gertu dago eta bertatik datorren haize hotzak, etxe barruan sartzeko gonbitea ematen digu. Ez da giro egongo Lizarrustiko basoan! Ez nuke gaur gauean han ibili nahi. Behin baino gehiagotan pentsatu dut, egunez ibili ondoren, gure etxeetara joaten garenean, mendiak hor geratuko dira ba, iluntasuna nagusi, erabateko ingurune latz, gogor eta beldurgarria bihurtuz, basoko piztien esku eta haize indartsuaren menpe. Beldur pixkat ematen dit horrek, eta egia esan, hor egotea tokatu balitzait, txabola batean, edo vivac bat egiten, puffffff, ez dakit nola moldatuko nintzatekeen, superbibentziako ikasgai zaila izango zen.

Baina etxean, sutondoan, ostiral iluntzeaz gozatzeko, eta patxadaz disfrutatzeko, kanta bat doakizue oraingoan ere.

Geratu zaitez nirekin: "Stand by me", Ben E. King-ena. Oso kanta polita iruditzen zait, izen bereko pelikula goxo, bare eta laguntasunaren gaia ederki erakusten duen pelikula da. Badakizu, laguna, zu ere beti nire ondoan egotea nahi dut. Kanta hau zuretzako da. 




Thursday, February 7, 2013

Hainbat gauza

Hemen hastera noa berriro, beti berandutzen zait zerbait idazten jartzen naizenean, egun luzearen ondoren, eta egia esan inspirazio handirik gabe nabil azken aldian, nekatuta, aspertuta, gogaituta, ez naiz indar handiegiekin aurkitzen, 40 urteen krisia ote da?


Lanean ere horrelaxe sentitzen naiz, goizean jaiki, gosaldu, autoa hartu, joan ilunpean, automata bat bezala, klaseak eman, gora eta behera ibili, kafe bat edo beste hartu, harrapaladan bokaillo triste bat jan, hizketako denbora handirik gabe ibiltzen gara, klaseak amaitu ondoren lanak jarraitzen du, zuzenketak, klase prestaketak, bilerak, gurasoak, korreoa, autoa hartu ilunpean, berriro automata bat bezala gidatu, etxera iritsi, sutondoan eseri, lasai egon nahi dut, pakean, beti ez da erraza izaten, musika entzun, eskerrak musika daukadan, horretxek lasaitzen nau.


Bai, azken bi asteak gogorrak izan dira, nire inguruan albiste oso onak ez baitira ibili, eta ez nabil oso umore oneko. Ratxa txarrak pasatzen omen dira, eta hori espero beharko dugu.


Eguraldia ere azken bizpahiru astetan ez du lagundu, hotza, hezetasuna ugari, euria, elurra, kazkabikoa, iluna nagusi, hodeitza izugarriak, neguaren gordintasunean gaude, eta horrek ere nire umorean eragin duela garbi daukat. Mendira joateak lasaitzen eta relajatzen nau, eta aste osoan ezer ez egiteak ez dit laguntzen, korrika edo zeozer egiten hasten ez banaiz, ustelduko naiz. Kirola egiteak pereza ematen dit, bueno, ez pereza bakarrik, krixton pereza, eta ezin animatu kanpora ateatzea korrika pixkat eittea, eta geroz eta gehigo kostau. Egie da, hasiz gero, gustoa hartzen dala, geroz eta hobeto sentitu, gorputza  nekatuago baina relajatuago ere bai...

Beno, sin mas, espresio hauxe erabiltzen dute gure gazteek gero eta gehiago, eta hasieran gorroto pixkat banion ere, orain geroz eta gehiago gustatzen zait, orain behintzat hori erantzuten dut norbaitek galdetzen badit beti galderetan erabiltzen den galdera hiper formulatu hori (Zemuz?) nire erantzuna SIN MAS izango da.

Musika jarriko dizuet, youtubeko beste bideo bat. Orain dela urte pare bat edo, Pirineotatik gentozela furgonetan, igande gau batean, erdi lotan, irratian, kasualitatez entzundako kanta bikain bat. Oso kanta ezaguna egin zitzaigun (beste birekin nentorren, hauek ere musikazaleak), Anje Duhalderen kanta bat zen, "Hemengo" izenekoa, eta letra oso polita duena:

Ez dut nik sekulan neure sorlekua hautatu
Halabeharrez da ni nonbait naiz sortu
Uzta eta haritza nasai dauden herri batean 
Zorteak nau kokatu

Kontua da, nik Anje Duhalderena zela uste genuen kanta hori entzuten ari ginela, inglesez, eta jakinminez egon nintzen entzuten, ea esatariak zer esaten zuen ondoren, irratia ez zen ondo entzuten, baina Jackson Brownena zela kanta behintzat entzun genuen. Etxera etorri eta kanta zein izan ote zitekeen deskubritzen ibili nintzen, ezin bilaturik, baina, taka! Halako batean topatu nuen, "The load out" da berezko kanta, eta youtuben dagoen bideo eder bat jarriko dut hemen behean. Kanta hori eta "Stay" izeneko beste bat daude jarraian, oso oso kanta politak biak ere, merezi du bukaerararte entzutea, lehen kanta oso polita eta lasaia da, bigarrena alaixeagoa, eta emakumearen ahotsa, izugarria.

Sin mas, hemen bideoa:


Letra ikusi nahi baduzu, klikatu hemen.

Wednesday, February 6, 2013

Asteburuko berri-Lagunak

Banatorrrrrr....

Denboratxo bat egon naiz ezer idatzi gabe, lana pilatu zait, eta egia esan gogo handirik ez du eduki ezer idazteko, hori izan da arrazoia. Gauza handirik ez dut idatziko, badakizue, istorio txikiak dira hemen protagonista.

Asteburu ederra pasatu dugu, Arrasaten ingenieritza ikasitako 6 lagun Vielha aldera, Aran bailarara joan gara, urteero egiten dugun bisita. Iadanik hamabost urte inguru eramango ditugu, eta lagun giro ederra eduki dugu bertan. Ostiralean joan, tenperatura oso epelarekin, eta zapatu goizean jaiki eta elurra kalean, lainoa beheraino sartuta eta giro hotza. Lagun artean, elurretan buelta ederra eman dugu, Montgarrira joan gara, abandonatutako herrixka bat da hau, refugio polit bad dagoena, bertan egon gara, zerbait jan, berotan sartu eta indarrak errekuperatzen.

Arratsaldean Vielhan poteo ederra, zerbeza eta pintxoak lasai jan, elurra ari du, haize hotza dabil eta sutondoan egoteko giroa dago. Automobilean ere peripezi txikiak egin ditugu, gure hostalera bidean. 

Igandean, giro aparta atera da, eguzkia irten da eta oinezko buelta ederra egin dugu Lazkaotarrak eta Ataundarrak, elurra zuri zuri eta kapa ederra zegoen, naturaren indarra somatzen zen inguruetan, han zegoen pakea, patxada eta isiltasun ederra. Ze polita den mendia elurretako hoztasun zabalean.

Asteburuan ederki ibili naiz, mendiko giro ederrean eta lagun artean, zorionez baditut bai lagun onak, beti hor aldamenean daudenak (zaudetenak) eta asko eskertzen dut nik hori, baten bat egotea zure ondoan edozer behar denean, ordaindu ezin den lujo bat da. Bai lagunak, pozik zaudenean elkarrekin parre egiteko, triste zaudenean laguntzeko, baju zaudenean animatzeko, haserre zaudenean lasaitzeko....

Ohean nago hauxe idazten, kanpoan euria, haizea, elurra, turmoika ari du, a ze negu giro gogorra. Berotan eskerrak gauden, eta goxotasun hontatik jartzen dizuet gaurko kanta. Lagunekin zerikusia eduki behar duela eta, "With a little help from my friends" jarriko dut, The Beatlesena da abestia baina nik Joe Cockerren bertsio extraordinarioa jarriko dut. Seguru gustukoa duzuela. Bideoa jarriko dizuet, oso ona da. Ikusi bukaeraraino, apoteosikoa!