Thursday, February 14, 2013

Perezarekin

Ez dakit oso ondo zer idatzi gaurkoan, egon naiz pentsatzen eta ez nago batere "luzido" ezta gogo handiekin ere. Ez dakit garbi zeri buruz hitzegin. Gainera pereza handiarekin nago.


Idatzitakoa eskas samar geratuko denaren susmoa daukat, baina ezin beti era berdinean idatzi, ezta?


Gaur gainera lanetik sentsazio eskasekin atera naiz, nire buruarekin haserre, iruditzen zait azkenaldian hala nabilela, ez nago gustora eta nire ingurukoen akatsak bilatzen saiatzen naiz, eta zerbait gaizki edo oker ikusterakoan, beraiei botatzen diet errua eta beraiengana eramaten dut nire frustrazio-neke-haserrea (neonek ere ez dakit oso garbi zer den).


Bai, halaxe nabil, azken aldian buruari buelta asko ematen ari naiz, lanean nabilen herriko gazteen inguruan, beraien bizimodu eta ohiturengan, gure gazte hauen hezkuntza bide onetik ote doan ez daukat garbi, eta ez nago oso seguru ere guk gure esku dagoen guztia egiten ote dugun. Gogoeta hauetan ibiltzen naiz autoan lanetik etxera egiten dudan bidean. Gaur, hala ere, ez dut gehiegi sakondu nahi gai honen inguruan. Badabilkit buruan idea bat gure lantokian gazteei beste aukera bat eskaintzeaz, baina oraindik gutxi landu dut, eta nire lankide ingurukoenekin egon nahi dut ikusteko ea posible den.

Eta goian pereza aipatu dut, pereza handiarekin nago, ez gaur bakarrik, lanetik irtetzen naizen egun dexentetan pasatzen zait hauxe bera, etxera etorri eta indar gabe geratzen naiz, ezer (kirolari dagokionez) egiteko gogorik gabe. Askotan esan izan dut, "etxera iritsitakoan korrika edo abdominalak, edo aktibitate pixkat egingo dut", baina etxera iritsi eta ploffffffffffffff.

Pereza honek uzten didan gauza bakarra, sutondoan jarrita blog hontan zeoze idaztea da, oso gustora ibiltzen naiz hemen, nire gogoeta eta istorioak idazteak lasaitzen eta erlajatzen nauela iruditzen zait.

Elurra desagertu den egun honetan, errekak ondo beteta doazelarik eta eguzkiaren izpien zai grinatsu gaudelarik gure inguruan dagoen hezetasuna murriztu dezan, hemen idazten den honi pereza eta nekea gailendu zaizkio eta agur esatera doa, beti bezala kanta batekin.

Gaurkoan kanta hauxe aukeratu dut: "Down to the river to pray", "Oh brother, where art thou" pelikula polit eta xelebreko kanta lasaia. Pelikula Cohen anaiek zuzendutakoa da, eta gustora ikusi nuen orain urte batzuk direla. Alisson Kraussek abesten du. Elizako kanta horietako bat ematen du, baina hain doinu polita du, iruditzen zaidala gustokoa izango dela gehienontzat.


Informazio gehiago, hemen.

Wednesday, February 13, 2013

Gaurko trena

Goizean ekin diot gaurkoa idazteari. Normalean iluntzean ibiltzen naiz, gaur aldatu eta egun euritsu eta heze (beste bat, segidan badaramatzagu nahi baino gehiago) honek zer ekarriko digun pentsatzen jarri naiz.

Lanean jai eman digute gaurkoan ere, eta ohean lasai egoteko aprobetxatu dut. Mendira joango nintzela esan nion lagun bati atzokoan, baina goizean atzoko ibilaldiaren nekea nuela eta lo egiteko aprobetxatu dut. Holakoetan, berandu jaikitzean, gorputza erdi lotan bezala egoten da, oraindik erreakzio motelekin, horrelaxe nago ni, inziatiba handirik gabe. 

Gaurko egunak zer emango ote digun oraindik ez dakit, gaurko trena irten da eta norabait joango da, etengabe doa, beti aurrera, norabide finkorik gabe ziurrenik, hori da behintzat nire kasua, makina bat alditan gertatu izan zait, jaiki eta A-ra edo Z-ra joateko aukera ez edukitzea garbi, hala nola tartean dauden beste norabide guztiak ere. Egunerokotasunaren trena hartu beharrik ez daukat behintzat, astegun arrunta denean arazo hori ez dut edukitzen, trenak beti norabide berdinera narama, rutinaren eta ohikotasunaren trenak ez dauka misterio eta sekreturik, aspergarri samarra da. Horregatik dira zirraragarriak gaur bezalako tren misteriotsu hauek, alegia norantza eramango gaituzten ez dakigun trenak, guk geuk erabaki dezakegularik nora joan, nola joan eta zeinekin joan.

Tren abenturazaleak daude (horiek Naparroako mendi eder eta ezkutuetara eramaten nautenak), tren ameslariak (horiek etxeko epelean liburu interesgarriak irakurtzera animatzen nautenak), tren lasaiak (egunean ezer berezirik egin gabe egotera bultzatzen nautenak), tren "xaxanteak" (etxean egin behar ditudan lan eta tarea piloa burura ekartzen didatenak)...gaurkoa ez dakit nik tren lasaia ez ote den...

Hemen duzue kanta, hau jartzea pentsatu dut, gaur entzun dudan lehenengo kanta delako. Gaurko egunari dagokion tren lasai honek esan dit  Tom Waitsek abestutako tren hau oso tren berezia dela. Kantari honen inguruko informazio gehiago web orri oso on honetan.

"Downtown train", Tom Waits. Letra ere jarri dut ondorengo orri honetan, baita kantariari buruzko informazio txiki bat ere.

Tuesday, February 12, 2013

Nekea

Nekatuta ailau naiz gaur etxea. Mendi buelta eder bat eman det, elurretan gerriarte sartuta ibili naiz, asko nekatu naiz, gainera haize hotza, elurra goitik behera, gero euria, baldintza oso gogorrak izan dira, etxea erabat baldatuta ailau naiz. 


Dutxa beroaren azpian sartu eta ateratzeko beldurrez egon naiz, gure etxe zahar hontan sekulako hotza baitago sukaldean kenduta, hemen sua piztuta egoten da, eta honek ematen du goxotasuna. Gorputza relajatu ondoren, nekea agertu da, hankak, sorbaldak, besoak... gaur paliza handia hartu dute, eta hori nabari da, begiak ere ixten ari zaizkit, neke handia daukat gainean, baina neke horixe da askotan bilatzen duguna, gorputzak eskatzen duena, eta gozada bat da neke hori sentitzea, gorputza bizirik dagoenaren seinale. Etxera iristean eta muskuloak minduta nabaritzea, hankak altxatzeko normalean baino esfortzu handiagoa egin behar hori eta ohera joateko desioa edukitze hori ere bada mendira joatearen helburua.


Orain dela gutxirarte ez nintzen horretaz jabetu, baina lagun batek esan zidan, gozada bat zela esfortzu fisikoa egin ondoren gorputza nekatuta sentitzea, eta egia da, harrez gero behin baino gehiagotan pentsatu dut horretan, eta halaxe da, nekea sentitze hori plazer hutsa da. Eta horrela nagoenean, zerbeza presko eta eder bat edatea...hori ezin da diruarekin ordaindu.

Orain ze kanta jarri behar dudan pentsatu behar dut. Ez daukat oso irizpide argirik gaurkoan, minutu batzuk behar ditut pentsatzeko... Bueno, azken aldian kanta hau askotan entzun dut, eta oso interpretazio ederra iruditzen zait, ez naiz flamenkoaren oso zalea, baina oraingoan badoa horrelako bat.  Luis Eduardo Auteren "Al alba" kantaren bertsio ederra, José Mercé kantariak egiten duena. 



Hauxe da kantaren letra (gehiago jakin nahi baduzu letrari buruz, sakatu hemen)

Si te dijera amor mío 
que temo a la madrugada 
no sé que estrellas son esas 
que hieren como amenazas 
ni sé que sangra la luna 
al filo de su guadaña


Presiento que tras la noche
vendrá la noche más larga
quiero que no me abandones
amor mío al alba
al alba, al alba
al alba, al alba...

Los hijos que no tuvimos
se esconden en las cloacas
comen las ultimas flores
parece que adivinaran
que el día que se avecina
viene con hambre atrasada

Presiento que tras la noche...

Miles de buitres callados
van extendiendo sus alas
no te destroza amor mío
esta silenciosa danza.
maldito baile de muertos
pólvora de la mañana.

Presiento que tras la noche...

Monday, February 11, 2013

Elurra

Elurra ari du mara-mara Ataunen, gaueko 12ak direnean. Elur mataza lodiak, ixilak erortzen dira zeru ilun eta hotzetik. Lurra pixkanaka estalki zuriaz janzten ari da, patxada gozoz. Euriak erortzean hotsa ateratzen duen moduan, elur malutak ixil-ixilik lur hartzen dute, gauaren berezko ixiltasunarekin bat egin nahian bezala.


Txikitatik hain maite dudan elurra orain ikusten dudanean ere, poztu egiten naiz, elurrak duen edertasun hotzak oraindik liluratzen nau. Umeetan plastikoa hartu, aldapan gora igo eta ziztu bizian jaisten ginen, azken orduan frenatu, berriro gora igo eta etengabe jolasa errepikatuz. Ez zuen inporta hozten baginen ere, elurretan jolasten ari ginenean erretiratu gintezen, sekulako hotza sentitu beharko genuen, eta hotzez ikaratzen ez geunden bitartean, leña, jarraituko genuen gure plastiko miragarri harren gainean belozidade izugarrian goitik behera...

Baita elur pelotekin, dinbi-danba, elurra hartu, eskularruak ez bagenituen ere, eskuak erabat sumindu arte, pelotak egin eta bota, ezkutuan jarri eta aurkariari bota, bota eta bota! 

Zenbat aldiz, etxera etorri, zopa eginda arropak, guanteak, botak... sutondoan jarri, eskuak suminduta, berotan sartu ezinik, hotzez dardarka...harik eta berotasuna gorputzean sentitzen hasi bitartean, hura zen hura bero gozo eta pizgarria!

Txikitan pentsatzen nuen, niri elurra beti gustatuko zitzaidala, ez nintzela sekula aspertuko elurretan jolasten, plastikoarekin botako nintzela maldan behera nahiz eta adinean aurrera joan eta elur pelotekin beti jolastuko nuela...errealitateak erakutsi dit, amets hura egia zela hein batean, plastikoarekin ez naiz jaisten, noski, baina oraindik elur pelotekin jolastea gustokoa dut, eta mendian elurretan ere gustora ibiltzen naiz, nahiz aldapa gora zein behera.

Elurretako kanta bat. Vivaldiren "Negua", Lau urtaroak lanekoa. Oso polita eta doinu ezaguna egingo zaizu: 



Eta Mikel Laboaren "Baga biga" kantarekin, neguaren bideo polit bat dago hemen:




Eta baita Mikel Laboaren azkeneko diskako "Negua (txorien heriotza)" kanta bikain eta tristea. Zoragarria.


Sunday, February 10, 2013

Aralar

Bai, gaur gure Aralarko mendizerrari buruz idatziko dut. Gaur goizean, Aleiko zelaitik abiatuta, buelta ederra egin deu, Agautza lehenik, Sasterriko koba, Lareo, Akaitz txiki, Errekabeltz eta buelta. Sekulako elur piloa zegoen, Agautz gainera iristean konturatu gara hortaz, igo garen aldean ez zegoen elur gehiegirik, baina gaina harrapatu dugunean, dena zuri zegoen, eta geruza handia gainera. Gustora ibili gara, elurretan ibiltzea askoz nekagarriagoa da, baina ematen duen patxada eta ixiltasuna izugarriak dira, bikainak, hotzikara eragiten didate. Erabat inguru basatia da, gizakia ez da gai holako ingurune batean bizitzeko, elurrak eta hotzak ematen duten gogortasunera ez gaude ohituta, ez. Beraz, horrelako buelta eder bat eman ondoren, eta etxera itzultzean, sekulako ilusio eta harrotasuna sentitzen dut, beste behin ere mendiak eskaintzen digun gogortasun, bakartasun eta ixiltasunean ibili gara eta itzuli gara, gorputzeko poro guztiak zabalik, eta burua erabat despejatuta, berriro hara itzultzeko gogoz.



Agauntza ibaiaren bailaran bizi garenontzat, Aralar oso gertuko mendialdea da, etxetik atera eta mendiz inguratuta bizi gara, gure etxeak errekaren aldamenean dauden arren, kalera atera eta mendia dugu ezker-eskubi, eta Aralarko gainak pixkat urrunago dauden arren, berehala ditugu, esku-eskura. 



Zuri, berde, hori eta gorri. Horiek dira mendiaren koloreak. Neguan, zuri, lasai, ixiltasun ikaragarria, norberaren arnas hotsa eta bihotz taupadak entzuteko modukoa. Elurraren hoztasun zabala da nagusi neguan, baina txorien txioak entzuten direnean, badakigu, bai, elur azpian egondako larre eta belardiak, eta itxita egon diren pago eta haritzen erne muinak lehertuko direla eta begietan mina ematen duten berdetasunez jantziko direla, eta udaberrian dagoen berdetasun eta lerdentasun horrek igo arazten ditu abereak goiko larre gozoak bazkatzera. Neguko isiltasuna joan da dagoeneko, behi eta ardien zintzarri hotsa da nagusi, udarako egun bero eta sargoriek, mendialdeko abereak itzaletara bidali arte behintzat. Orduan jasotzen dituzte goikaldeko larreek pasadarik handiena, eguzkiak kupidarik gabe jotzen du, eta udaberriko berdetasun hezea horitzen da, orduan da garaia abereek erreka zuloak bilatzen dituztena, eta goizeko edo iluntzeko preskuraren eta behe lainoaren zain egoten direna. Udazken hasierako zaparradek eta haizeak inguru guztia gorriz, marroiz eta okrez jantziko dute dena, kolore bizi eta indartsuak, pagadiak udazken lorez jarriko dira, berriro negurako prestatuz, berriro zikloa itxiz.




Eta guk hori dena disfrutatzeko daukagu. A ze plazerra, bertan ibiltzea, haizearen laguntza indartsuaz, elur zuriaren fereka hotzaz, euriaren laztan hezeaz eta eguzkiaren goxotasun goiztiarraz... Ze sentsazio gozoa, oraindik ibili gabeko lekuetatik igaro eta gauza berriak (erdi ezkutuan dagoen txabola bat, pagadi ixil eta gorde bat, belardi berde eta argitsu bat...) deskubritzean, bihotza eta arima pizten didate.

Aralar da nire ibilaldi askoren jomuga, ametsen kokaleku eta bizi indarra ematen didana. 

Gaurko kanta: "Ikusi mendizaleak", Leihotikan taldeak abestuta.



Edo bertsio klasikoagoa nahi baduzu entzun, hemen: