Sunday, February 24, 2013

Igande arratsaldean

Igande arratsalde hotza eta elurtua gaurkoa. Eguraldi hotza eduki dugu asteburuan, elurra egin du, eta ez bakarrik mendian, etxe ondoa ere zurituta baitago. Haize hotza ere badabil, "beheko haizea" deitzen diogu Ataunen, iparraldetik etortzen den haizeari, behekaldetik (erreka beheraka doa, hau da iparraldera) datorrela eta, beheko haizea hotseiten diogu.


Goizean mendi buelta eder bat egin dugu, elurra zen nagusi, paraje hotz eta zuri-zurietan ibili gara, aldi berean zoragarriak: zuhaitz guztiak elurtuta edo aintziarrarekin zeuden, apenas bustitzen zuen elur hautsa zen nagusi eta ondo abrigatuta ibili garenez, gustora eta nahiko epeletan ibili gara. Egia esan zeozer jateko geratu garenean arbola ipurdi baten ondoan haizetik babesteko, izugarri hoztu gara, oinez hasi bitartean ez zen giro!


Eta etxera etorri eta amarekin batera, sukaldeko goxotasunean pelikula bat ikusi dut aspaldiko partez, "En el valle de Elah". Ez naiz oso zalea telebistan pelikulak ikustearena, aspergarri samarrak egiten zaizkit eta nahiago dut denbora beste zerbaitetan igaro, baina ikusita negoen arren, berriro ikusi dut. Banekien asko gustatu zitzaidala bere garaian ikusi nuenean, eta gaur ere berriro izugarrizko pelikula ona dela iruditu zait. Informazioa bilatuko duzue interneten, gainetik esanda, Irakeko gerran ibilitako militar gazte batzuen inguruko historia bat da, oso historia hunkigarria.

Pelikula oso lasaia da, erritmo oso lasaiekoa, oso kolore gutxi duena, tristea eta pentsarazten dizuna gai askorengan. Horien artean, gerrak dakartzan ondorio latzak, bertara joaten diren soldadu gazteen bizimodu gogorra, nola joaten diren esperientziarik gabe, eta gerrak dakarren egunerokotasun anker horrek nolako eragin ezkor eta suntsikorra duen beraiengan. Gazte joaten dira gerrara eta zahartuta bueltatzen dira, eduki ditzaketen sentimendu eta borondate on guztia gerla eremuan utzita. Beraien gainetik dabiltzanak, xake piezak izango bailiran erabiltzen dituzte, haruntza eraman hainbat, halako eta beste halako, eta benetan gerrako eremuan daudenak soldaduak dira, beraiek bizi eta ikusten dituzte gerraren ankerkeria, krudelkeria eta basakeria.

Benetan gomendagarria, EEBB-etan egiten dituzten hainbeste pelikula propagandistiko eta gerra goraipatzen dutenez at (makina bat tiro, misil, borroka eta gaiztoen aurkako jarraipen basati ikusi izan ditugu zine eta telebistan), horrelako pelikula bat ikusi, dastatu eta hausnartu beharra dago.

Hemen duzue kanta extraordinario bat, "Masters of War" izena du, eta Bob Dylanek 1962. urtean konposatua da, gerraren aurkako kanta bikain bat delarik. "Gerra hotza"-ren aurkako protesta kanta bat da, eta garai haietan hain modan egon ziren misilen ingurukoa.
Kanta honen inguruko informazioa ikusi orri honetan (oraindik prestatzen)




Eta baita Pearl Jam taldearen bertsio eder bat:




Friday, February 22, 2013

Kexak eta sufrimendua

Kauen zotz! Hori ez dago ondo! Beti berdin! Kaka zaharra!


Batzutan bizitzaren zati handiena kexaka igarotzen dugun sentsazioa daukat: hau gaizki dago, hark nik baino gehiago irabazten du, beste honek ez ditu gauzak normal egiten, hango harekin ere haserre nago gauzak ez dituelako nik nahi bezala egiten...keja eta keja, behin eta berriz, beti gauzen alde txarra ikusiz, ingurukoekin gustora ez gaudela adierazi nahiz, arazoa ziurrenik guregan dagoenean...gauza arrunt eta tribialen inguruan haserretzen eta kejatzen gara,, txorrada ugariri begiratzen diegu, eta benetan beharrezko eta garrantzitsuak direnei ez diegu kasu handirik egiten.

Nik ere sentsazio hori edukitzen dut, diskutitzen dugunean lanean, edota etxean edo lagunekin, eta gero konturatzen zara ez duela zentzurik izan, tontokeria huts bat zela eta denbora hortan galtzea sekulako atzerapausoa dela eta ez duela merezi gure bizitzako zati hori (nahiz eta txikia izan), kexatzen eta merezi ez duten gaien inguruan pentsatzen edo hitzegiten aritzea.

Asko kexatzen gara, ni behintzat bai, seguraski nire buruarekin gustora ez nagoelako izango dela hori iruditzen zait, eta haserre edo egoneza hori besteengan bideratzen dut. Badakit hori hobetu behar dudala, nire ingurukoek ez dute errua eta ez dute horrelakorik merezi.

Eta bigarren hausnarketan sufrimendua sartu nahi dut. Mina hartzen dugunean (eskua edo hanka hautsi), edo azterketa bat gaizki atera zaigunean, edo lo gutxi egin dugunean eta nekatuta gaudenean, iruditzen zaigu gu garela munduko gizakirik zorigaiztokoenak, guri gertatzen ari zaigun horixe dela txarrena, edonori gerta dakiokeen kalamitaterik handiena guri tokatzen zaigula. Eta ez dugu hartzen denbora besteena ikusten, gure aldamenean dagoen lagunaren sufrimendua, ixilik dagoen lankidearen tristura, lanik gabe dagoen jende multzo handiaren egoneza eta etxerik gabe dauden gazte, heldu zein zaharren drama latza. Ez, gurean sartzen gara, gurean enrokatzen gara eta gurea da txarrena eta okerrena, ez dakigu besteen larruan jartzen, eta horixe da gaurko gizartearen akatsetako bat nire ustez. Eta hasten bagara hizketan zeinen ondo bizi garen, gure neke, tristura eta gabeziak eduki arren, 3. munduan bizi direnekin konparatuz, ba, egia esan, negargurea jartzen zait, eta errealitate hori gure inguruko pertsona asko eta askori gustora erakutsiko niela pentsatzen dut, ea barruak astintzen zaizkien eta gauzak asko erlatibizatuko zirela iruditzen zait.

Orain dela bi urte inguru, Xabier Letek gure herrian eman zuen poesia errezitaldi bat, eta sufrimenduari buruz hitzegin zuen. Ez dakit oso zuzen jarriko ditudan berak hain era egokian azaldu zuena iluntze hartan. Esaten zuen, pertsona arruntak ezin duela imajinatu sufritzen ari den pertsona batek ze errealitate eta ze esperientzia bizi dituen. Berak gaixotasun larri bat izan zuen urteetan eta zentzu horretan ari zen, sufrimendua pairatzen zuen pertsona baten izenean. Makina bat gauza errazago ulertuko lituzkeela norbanakoak, sufritzen dagoen pertsonaren larruan jartzean. Egia esan, bere hitzak hunkitu egin ninduten, oso argi azaldu baitzuen, eta argi azaltzeaz gain, taularen gainean ederki soma zitekeen poeta atormentatu bat zegoela, bizitzan asko sufritzea tokatu zaiona, eta zer pentsatu handia ematen dit oraindik ere momentu eta egoera hartaz gogoratzen naizenean.

Kanta bat jarri behar dut, ea gustoko duzuen. Idatzi dudan gaiaren inguruko kanta egoki bat bilatu behar dut. Baten ordez bi jarriko ditut, biak diska berdinetik ateratakoak, Celtic twilight, vol 2. Diska hau entzun nuenetik, musika zeltiarraren zale egin naiz, oso melodia lasai, eder eta politak daudelako bertan, makina bat aldiz entzun dut diska osatzen duten kanta sail horixe. Kanta denak dira oso onak, eta horien artean aukeratu ditut bi. Egia esan, jardun naizen gaiaren inguruan musika lasaia topatu nahi nuen, espero dut gustora entzungo duzuela, eta gogoratu, ez hainbeste kexatu, zure denbora ez gastatu inora ez dihoazen kejetan, baizik eta benetan ederrak eta merezi duten gauzetan.

1) Nightnoise taldearen "A different shore-For Eamonn".




2) John Doan-en "The journey home"



Thursday, February 21, 2013

Ezer gertatu ez den astea

Astearen hasieran banuen kezka, aste luzea irudituko zitzaidala eta egia esan halaxe izan da. Ostegunean gaude eta astea dominatu degun honetan, blog honetan zeozer idazte pentsatu dut, atzo ez nuela ezer idatzi eta gaurkoan tokatzen da.


Egoten dira aste batzuk holakoak, ezer berezirik egiten ez duzunak, holakoxea izan da aste hau, ez aurrea ezta atzea, lanetik etxera, etxetik lanera, eta etxean egon naizenean ere askotan lanean aritu naiz, beraz, ulertuko duzue, oraingo aste hau grixa izan da.



Eguraldi ederra egin du behintzat aste osoan, eta azken bi hauetan epel eta guzti, eguzkia ere egon da aste batzuk ezkutuan eta oraingoan ikusi dugu eta bere berotasun epelaz disfrutatzerik izan dugu. Badirudi astebukaerarako eguraldi hotza eta elurra datozela, orain igaro dugun giro epelaren ondoren, aldaketa bortitz eta gogor samarra izango dela ematen du. 

Eguraldiari buruz ari garela eta, horrekin zerikusia duen kanta bat jarriko dut. The mamas and the papas taldearn "California dreamin´" da kanta. Abesti lasai, oso melodikoa, enpalagoso samarra ere bai, baina nire gustokoa da, eta taldearen garai onenean egindakoa, 1965. urtean grabatutakoa. Informazio gehiago jakiteko, sakatu hemen.



Monday, February 18, 2013

Arratsalde ederrak

Gaur astelehena da, pereza handia egon da, baina goizez lana egin eta arratsaldea libre! Uaaaaaauuuuuuuu! Ze ona! Arratsaldeak libre eukitzea, eta norbere erara antolatzeko modua edukitzea gozada bat da, batez ere ez baldin badituzu horrelako arratsalde asko izaten. Horietako bat da gaurkoa, eta musika entzunez, hemen nabil zeozer idazten.


Musika aipatu dut, eta egia esan eguneko ordurik gehiena musika entzuten igarotzen ditudalakoan nago, etxetik lanerako bidea musikarekin ibiltzen naiz, etxera iristean eta lanean jartzen naizenean portatil txiki honetan ere musika jarrita egoten da...ordu asko musikaren inguruan, baina beharra ere ikusten dut.

Gaur, gaztetako kanta bati buruz hitzegingo dut, bere garaian modan egon ziren Monstruo, Soy increible eta horrelako musika bildumak, orain dela 20 urteko kontuak dira. Orduan ez zen gaur egungo musikaren kontsumorik, internetik ere ez zegoen eta musika entzuteko aukera gutxiago zegoen. Ni eta nire arrebaren musikako gustoak antzekoak ziren garai hartan, eta eguberriak iristeko deseatzen egoten ginen, horrelako zinta (bai, zintak, ez baitzegoen CDrik garai hartan) bat erosteko irrikitan. Hori izaten zen gure urteko opari onenetakoa. Rekopilatorioak izaten zirenez, zinta jarri eta kanta baten atzetik bestea entzuten ansietatez egoten ginen, zemuzko kantak ote zetozen jakiteko. Garai haietan, ez genekien askorik musika eta kantarien inguruan, ez nekien zein ziren zinta haietan agertzen ziren kantari gehienak, beraz, guretzat deskubrimentu bat izaten zen, eta kanta politen bat aurkitzea, izugarrizko garaipena eta gozamena.

Horietako batean deskubritu genuen orain datorren kanta: "Heaven" izena du, Bryan Adams-ena da, eta oso abeslari ñoñoa dela esaten duten arren eta nire oso gustokoa jadanik ez den arren, esan behar dut, kanta hau oso polita iruditzen zitzaidala garai hartan, oso rokeroa baita, eta orain ere gustokoa dut.

Hemen duzue kanta:



Eta kantari buruzko informazio gehiago, hemen.

Sunday, February 17, 2013

Bihar astelehena

Ostiral atsaldeak asteko egun onena den moduan, igande iluntzea ez da horrelakoa izaten, hurrengo eguna astelehena izanik, burua lanean hasten da eta hurrengo egunari begira jartzen da eta astea oso luzea ikusten da, gainera aurreko astea motza izanda, oraindik ere aldapa handia daukagula aurrean eta ea nola joaten zaigun karnabal ondorengo aste hau.

Gaur Naparroa aldera joan gara, kuadrilan mendira igo gara, Adi mendi ederrera, elurra lepo zegoen eta Sorogaingo aterpetxean zerbeza presko eta indargarria hartu ondoren, etxerako bidea hartu dugu.

Eguraldi oso ona izan dugu, eguzkia lagun eta elur zuri eta ugarian gustora ibili gara. Aldapa handiak igo ditugu, haizea ere indartsu zebilen eta bista bikainak zeuden alderdi guztietara. Elurra ere izugarri zegoen, bi metroko elurraren gainean ibili gara basoan behera gentozela, eskerrak raketak genituela, dotore moldatu gara hauekin.

Gaurko kanta hemen duzue: Ismael Serranoren "Vine del norte" kanta bikaina. Gustatzen zait niri kantari hau, oso ahots berezia du, baina kantautore ausart eta mezua garbi bidaltzen duena dela iruditzen zait. Kanta eder asko ditu, "Papá cuéntame otra vez" izan zen bere kantarik ezagunena, eta orain dela gutxirarte kanta horixe zen niri ere gehiena gustatzen zitzaidana, baina azken aldian beste hartara zaletu naiz. Nire bakar-espedizio horietan lagun izaten dudan musika aparatu txikia martxan jartzen dudanean, gustoen entzuten dudan kanta hauxe da, oso melodia polita eta mezu ederra du, gainera Chileko diktaduraren aipamena egiten du. Ni asko hunkitzen nauen historia bat da, diktadura garaian gertatutako gauzen inguruko aipamen dexente egiten dira, tartean Victor Jara ere agertzen da eta bere maitasun kanta gailurra den "Te recuerdo Amanda". Hemen duzu kanta:


Letra eta informazio gehiago ikusteko, joan hona.

Saturday, February 16, 2013

Artzibar bailarako bakardadean

Gaur Nafarroako mendietara bidaia egin dut. Artzibar bailarara joan naiz. Jende asko joaten da mendi ezagunetara eta beste makina bat mendi, bailaratxo, bidezidor eta paraje eder askotan, jenderik apenas ibiltzen da. Askotan pentsatu izan dut, "hobeto, horrela ingurua garbiago eta gizakiaren eraginik ez da hainbeste nabarituko", eta gainera oso-oso jende gutxi ibiltzen denez paraje bakarti hauetan, horretarakoxe da egokia, bakarrik ibiltzeko gogoa dagoenerako.


Gaurko zen horietako egun bat. Egia esan lagun batek egin zidan eskaintza elkarrekin mendira joateko, baina astea ondo amaitzeko buruak (eta bihotzak) agintzen zidan bakarrik ibili behar nuela Nafarroako nire mendi kuttunetan, parajeak ezagutuz eta bakarrizketan.

Goizean Zandueta aldetik abiatu, pistari ekin diot eta goraka egin dut. Elurra aurkitu dut nahiko laister, geruza nahiko handia zegoen gogor samarra gainera. Han ibili naiz, Elke, Larrogain eta Baigura mendi ederrak ikusi ahal izan ditut Arbasamendi menditik. Ikuspegi ederra, elurtuta zeuden mendi guztiak eta aspaldiko partez eguzki gozoa ere azaldu zaigu. Basurde bat ere gurutzatu zait bidean, korrika pasatu da ni baino 20 metro aurrerago, ehiztari batzuk zebiltzan inguruan eta izutu samar zebilela esango nuke. Behera jeitsi naizenean ehiztari batzukin egon naiz hizketan, basurde ehizan zebiltzan eta zenbat elur egin duen, bailaran zenbat biztanle dauden, basurde asko dabiltzan edo ez...Esan didanez, Artzibar bailarako herri txiki eta erdi abandonatuetan ia inor ez omen da bizi, Espotzen pertsona bakarra bizi omen da, Imizkotzen bi anai...izugarria izan behar du horrek, herri bateko azken biztanlea izatea, bertan jaio eta denak alde egin dutela konturatzeaz, neguko gau hotz eta luzeetan ze bakardade sentsazioa edukiko duten...Herri handientxoena Nagore omen da, eta bertan astean zehar 15 biztanle omen daude...dena dago esanda horrekin. Bailara oso polita da, baina erdi hutsik dagoena.

Gero beste itzuli bat egin dut, Alotz izeneko herri abandonatutik igaro naiz, Itoizko urtegiko ur mailatik oso hurbil dagoena, baina bertako etxeak ia erorita daude. Hemen ere azken biztanleak joango zirenean, ze pena eta tristura edukiko zuten...

Txaparral mendira igo naiz, basoa itxi-itxia zeukan, han ibili naiz borrokan zuhaitz eta adarrekin, arteek eta ezpelek beren adarrak nire aurka bidaltzen zituztela zirudien, kostatu zait gailurra zapaltzea. Iritsi naiz eta gustora.

Autora itzuli naiz eta Orreaga aldera joan naiz, Urrobi errekaren bailaran gora, eta beheko partean elurrik batere ez zegoen arren, gora egin ahala, elurra agertzen hasi da errepide ertzean, hasieran gutxi, gero gehiago eta Aurizperriko kanpingera iritsi aurrexeagoan, sekulako elurtea ikusten zen. Burgete eta Orreaga aldean izugarrizko elur piloa zegoen, makina bat elur egin du han inguruan, gailurrak ere zuri-zuri zeuden.

Handik etxera etorri naiz, gustora egindakoaz. Esan beharra daukat, Nafarroako bailara eta paraje zoragarrietara joateak, nire barnea "garbitzen" eta berritzen duela, tarteka horrelako "kura" bat egin beharra daukat, burua despejatzeko eta indarberritzeko. Behin baino gehiagotan pentsatu dut zer ote dute Nafarroako mendi hauek niri hainbeste gustatzeko, eta atera dudan ondorioa da Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezela, hango mendietara igotzean eta parajeari begiratzean ez dela ikusten ez hiri, ez fabrika eta ez zibilizazio zantzurik, gure Gipuzkoa honetan berriz fabrika baten tximiniatik ateratzen den kea askotan izan dugu lagun igotako mendietan ikusmiran jartzen garenean, eta pake eta natura basati horien beharra izaten dut nik mendira joaten naizenean.

Gaurko kantari buruz askorik ez dut idatziko, Manu Chaoren "El viento" kanta da, kanta polita musikari eskarmentudun eta konprometitu honek abestua. Kanta polita da, "Clandestino" bere disko bikainean agertzen dena. Emigranteen inguruko kanta da, haizea izaten dutela lagun beraien bidai gogor eta latz horietan...Zuzeneko bertsioa jartzen dut, jolastiena eta alaiena baita.




"El viento". Manu Chao. Hemen letra:


El viento viene 
El viento se va 
Por la frontera 
El viento viene 
El viento se va 
El hombre viene 
El hombre se va 
Sin más razón 
El hombre viene 
El hombre se va 
Ruta Babylon... 
Por la carretera 
La suerte viene 
La suerte se va 
Por la frontera 
La suerte viene 
La suerte se va 
El hombre viene 
El hombre se va 
Sin más razón 
El hombre viene 
El hombre se va 
Cuando volverá 
Por la carretera

Friday, February 15, 2013

Berriz martxan

Gaur ostirala izanik, badakizue, asteko egunik onena dela niretzat. Normalean arratsaldean nire airera egoten naiz, ezer handirik egin gabe, baina gaur ez da horrela izan. Etxea garbitzen aritu gea ama eta biok, erratza, fregona eta trapuk hartu eta portalarei garbitu ederra eman diogu. Eskerrak gure ama zintzoak lagundu didan, erosoago egin baitugu eta entretenituago bakarrik baino.

Gero jarraitu dut, Goierri aldean ibili naiz, herrigintzan, gaztaian asuntokin, badago bai zeregina, askotan nahi baino jende gutxiago inguratzen zaigu lagutnzera, baina nik garbi daukat jarraituko dudala, eta aldamenera lagutnzera etortzen den guztia ongi etorria izango da.

Ondoren udarako plana egiten aritu naiz, udaran Amerika aldera joateko asmotan gaude eta pentsatu beharrean gara noiz, nola, nora... joan. Azaldu dira baita etxeko bi kanajo gu hiketan genbiltzan gelara eta hantxe akabo gure pakea! Jolasa nahi zuten hauek eta gu guaza serioetaz hizketan, azkenean, pentsatuko duzuen moduan umeak nagusitu dira eta gu joan behar izan gara.

Eta amaitzeko, etxera etorri, sua egin, biharko mendi bueltarako ibilbidea prestatu, motxila eta arropak eta aspaldiko partez (izango dira 2 hilabete) abdominalak egiten hasi naiz. UUUFFFFFFFFFFFF! Nabaritzen da batere egin gabe egon naizela denbora luzez, eta izugarri kostatu zait, Ordu laurden egin ondoren, dutxara sartu eta afaltzera.

Atzo idazten nuen pereazarekin nenbilela, gaurkoan pereza horri buelta eman diot eta berriz martxan jarri naiz. Holakoxea naiz ni, inkonstante hutsa, batuztan dena eta hurrengoan ezer ez. Gaur, egia esan, gustora nago, orain hau idazten ari naizenean probetxua atera diodala arratsaldeari ikusten dut, badaukagu Ataunen lagun bat, mendira joaten garenean beti zerbait egiten aritzen dena, ezin geldi egon, eta "hiper" deitzen diogu, "de hiperactividad", beti baitauka zeregina.

Bihar Naparroa aldeko bidai bakarti eta eder horietako baten aurrean, ea zer moduzko parajeak aurkitzen ditudan. Bihar kontu behiago.

Orain kanta suabe bat. Neil Diamonden "Sweet Caroline". Oso abesti lasai eta melodia ederrekoa da, entzuteko erraza. 1969an grabatu omen zuen. Hemen duzue kanta, eta informazio gehiago ere bai.



Thursday, February 14, 2013

Perezarekin

Ez dakit oso ondo zer idatzi gaurkoan, egon naiz pentsatzen eta ez nago batere "luzido" ezta gogo handiekin ere. Ez dakit garbi zeri buruz hitzegin. Gainera pereza handiarekin nago.


Idatzitakoa eskas samar geratuko denaren susmoa daukat, baina ezin beti era berdinean idatzi, ezta?


Gaur gainera lanetik sentsazio eskasekin atera naiz, nire buruarekin haserre, iruditzen zait azkenaldian hala nabilela, ez nago gustora eta nire ingurukoen akatsak bilatzen saiatzen naiz, eta zerbait gaizki edo oker ikusterakoan, beraiei botatzen diet errua eta beraiengana eramaten dut nire frustrazio-neke-haserrea (neonek ere ez dakit oso garbi zer den).


Bai, halaxe nabil, azken aldian buruari buelta asko ematen ari naiz, lanean nabilen herriko gazteen inguruan, beraien bizimodu eta ohiturengan, gure gazte hauen hezkuntza bide onetik ote doan ez daukat garbi, eta ez nago oso seguru ere guk gure esku dagoen guztia egiten ote dugun. Gogoeta hauetan ibiltzen naiz autoan lanetik etxera egiten dudan bidean. Gaur, hala ere, ez dut gehiegi sakondu nahi gai honen inguruan. Badabilkit buruan idea bat gure lantokian gazteei beste aukera bat eskaintzeaz, baina oraindik gutxi landu dut, eta nire lankide ingurukoenekin egon nahi dut ikusteko ea posible den.

Eta goian pereza aipatu dut, pereza handiarekin nago, ez gaur bakarrik, lanetik irtetzen naizen egun dexentetan pasatzen zait hauxe bera, etxera etorri eta indar gabe geratzen naiz, ezer (kirolari dagokionez) egiteko gogorik gabe. Askotan esan izan dut, "etxera iritsitakoan korrika edo abdominalak, edo aktibitate pixkat egingo dut", baina etxera iritsi eta ploffffffffffffff.

Pereza honek uzten didan gauza bakarra, sutondoan jarrita blog hontan zeoze idaztea da, oso gustora ibiltzen naiz hemen, nire gogoeta eta istorioak idazteak lasaitzen eta erlajatzen nauela iruditzen zait.

Elurra desagertu den egun honetan, errekak ondo beteta doazelarik eta eguzkiaren izpien zai grinatsu gaudelarik gure inguruan dagoen hezetasuna murriztu dezan, hemen idazten den honi pereza eta nekea gailendu zaizkio eta agur esatera doa, beti bezala kanta batekin.

Gaurkoan kanta hauxe aukeratu dut: "Down to the river to pray", "Oh brother, where art thou" pelikula polit eta xelebreko kanta lasaia. Pelikula Cohen anaiek zuzendutakoa da, eta gustora ikusi nuen orain urte batzuk direla. Alisson Kraussek abesten du. Elizako kanta horietako bat ematen du, baina hain doinu polita du, iruditzen zaidala gustokoa izango dela gehienontzat.


Informazio gehiago, hemen.

Wednesday, February 13, 2013

Gaurko trena

Goizean ekin diot gaurkoa idazteari. Normalean iluntzean ibiltzen naiz, gaur aldatu eta egun euritsu eta heze (beste bat, segidan badaramatzagu nahi baino gehiago) honek zer ekarriko digun pentsatzen jarri naiz.

Lanean jai eman digute gaurkoan ere, eta ohean lasai egoteko aprobetxatu dut. Mendira joango nintzela esan nion lagun bati atzokoan, baina goizean atzoko ibilaldiaren nekea nuela eta lo egiteko aprobetxatu dut. Holakoetan, berandu jaikitzean, gorputza erdi lotan bezala egoten da, oraindik erreakzio motelekin, horrelaxe nago ni, inziatiba handirik gabe. 

Gaurko egunak zer emango ote digun oraindik ez dakit, gaurko trena irten da eta norabait joango da, etengabe doa, beti aurrera, norabide finkorik gabe ziurrenik, hori da behintzat nire kasua, makina bat alditan gertatu izan zait, jaiki eta A-ra edo Z-ra joateko aukera ez edukitzea garbi, hala nola tartean dauden beste norabide guztiak ere. Egunerokotasunaren trena hartu beharrik ez daukat behintzat, astegun arrunta denean arazo hori ez dut edukitzen, trenak beti norabide berdinera narama, rutinaren eta ohikotasunaren trenak ez dauka misterio eta sekreturik, aspergarri samarra da. Horregatik dira zirraragarriak gaur bezalako tren misteriotsu hauek, alegia norantza eramango gaituzten ez dakigun trenak, guk geuk erabaki dezakegularik nora joan, nola joan eta zeinekin joan.

Tren abenturazaleak daude (horiek Naparroako mendi eder eta ezkutuetara eramaten nautenak), tren ameslariak (horiek etxeko epelean liburu interesgarriak irakurtzera animatzen nautenak), tren lasaiak (egunean ezer berezirik egin gabe egotera bultzatzen nautenak), tren "xaxanteak" (etxean egin behar ditudan lan eta tarea piloa burura ekartzen didatenak)...gaurkoa ez dakit nik tren lasaia ez ote den...

Hemen duzue kanta, hau jartzea pentsatu dut, gaur entzun dudan lehenengo kanta delako. Gaurko egunari dagokion tren lasai honek esan dit  Tom Waitsek abestutako tren hau oso tren berezia dela. Kantari honen inguruko informazio gehiago web orri oso on honetan.

"Downtown train", Tom Waits. Letra ere jarri dut ondorengo orri honetan, baita kantariari buruzko informazio txiki bat ere.

Tuesday, February 12, 2013

Nekea

Nekatuta ailau naiz gaur etxea. Mendi buelta eder bat eman det, elurretan gerriarte sartuta ibili naiz, asko nekatu naiz, gainera haize hotza, elurra goitik behera, gero euria, baldintza oso gogorrak izan dira, etxea erabat baldatuta ailau naiz. 


Dutxa beroaren azpian sartu eta ateratzeko beldurrez egon naiz, gure etxe zahar hontan sekulako hotza baitago sukaldean kenduta, hemen sua piztuta egoten da, eta honek ematen du goxotasuna. Gorputza relajatu ondoren, nekea agertu da, hankak, sorbaldak, besoak... gaur paliza handia hartu dute, eta hori nabari da, begiak ere ixten ari zaizkit, neke handia daukat gainean, baina neke horixe da askotan bilatzen duguna, gorputzak eskatzen duena, eta gozada bat da neke hori sentitzea, gorputza bizirik dagoenaren seinale. Etxera iristean eta muskuloak minduta nabaritzea, hankak altxatzeko normalean baino esfortzu handiagoa egin behar hori eta ohera joateko desioa edukitze hori ere bada mendira joatearen helburua.


Orain dela gutxirarte ez nintzen horretaz jabetu, baina lagun batek esan zidan, gozada bat zela esfortzu fisikoa egin ondoren gorputza nekatuta sentitzea, eta egia da, harrez gero behin baino gehiagotan pentsatu dut horretan, eta halaxe da, nekea sentitze hori plazer hutsa da. Eta horrela nagoenean, zerbeza presko eta eder bat edatea...hori ezin da diruarekin ordaindu.

Orain ze kanta jarri behar dudan pentsatu behar dut. Ez daukat oso irizpide argirik gaurkoan, minutu batzuk behar ditut pentsatzeko... Bueno, azken aldian kanta hau askotan entzun dut, eta oso interpretazio ederra iruditzen zait, ez naiz flamenkoaren oso zalea, baina oraingoan badoa horrelako bat.  Luis Eduardo Auteren "Al alba" kantaren bertsio ederra, José Mercé kantariak egiten duena. 



Hauxe da kantaren letra (gehiago jakin nahi baduzu letrari buruz, sakatu hemen)

Si te dijera amor mío 
que temo a la madrugada 
no sé que estrellas son esas 
que hieren como amenazas 
ni sé que sangra la luna 
al filo de su guadaña


Presiento que tras la noche
vendrá la noche más larga
quiero que no me abandones
amor mío al alba
al alba, al alba
al alba, al alba...

Los hijos que no tuvimos
se esconden en las cloacas
comen las ultimas flores
parece que adivinaran
que el día que se avecina
viene con hambre atrasada

Presiento que tras la noche...

Miles de buitres callados
van extendiendo sus alas
no te destroza amor mío
esta silenciosa danza.
maldito baile de muertos
pólvora de la mañana.

Presiento que tras la noche...

Monday, February 11, 2013

Elurra

Elurra ari du mara-mara Ataunen, gaueko 12ak direnean. Elur mataza lodiak, ixilak erortzen dira zeru ilun eta hotzetik. Lurra pixkanaka estalki zuriaz janzten ari da, patxada gozoz. Euriak erortzean hotsa ateratzen duen moduan, elur malutak ixil-ixilik lur hartzen dute, gauaren berezko ixiltasunarekin bat egin nahian bezala.


Txikitatik hain maite dudan elurra orain ikusten dudanean ere, poztu egiten naiz, elurrak duen edertasun hotzak oraindik liluratzen nau. Umeetan plastikoa hartu, aldapan gora igo eta ziztu bizian jaisten ginen, azken orduan frenatu, berriro gora igo eta etengabe jolasa errepikatuz. Ez zuen inporta hozten baginen ere, elurretan jolasten ari ginenean erretiratu gintezen, sekulako hotza sentitu beharko genuen, eta hotzez ikaratzen ez geunden bitartean, leña, jarraituko genuen gure plastiko miragarri harren gainean belozidade izugarrian goitik behera...

Baita elur pelotekin, dinbi-danba, elurra hartu, eskularruak ez bagenituen ere, eskuak erabat sumindu arte, pelotak egin eta bota, ezkutuan jarri eta aurkariari bota, bota eta bota! 

Zenbat aldiz, etxera etorri, zopa eginda arropak, guanteak, botak... sutondoan jarri, eskuak suminduta, berotan sartu ezinik, hotzez dardarka...harik eta berotasuna gorputzean sentitzen hasi bitartean, hura zen hura bero gozo eta pizgarria!

Txikitan pentsatzen nuen, niri elurra beti gustatuko zitzaidala, ez nintzela sekula aspertuko elurretan jolasten, plastikoarekin botako nintzela maldan behera nahiz eta adinean aurrera joan eta elur pelotekin beti jolastuko nuela...errealitateak erakutsi dit, amets hura egia zela hein batean, plastikoarekin ez naiz jaisten, noski, baina oraindik elur pelotekin jolastea gustokoa dut, eta mendian elurretan ere gustora ibiltzen naiz, nahiz aldapa gora zein behera.

Elurretako kanta bat. Vivaldiren "Negua", Lau urtaroak lanekoa. Oso polita eta doinu ezaguna egingo zaizu: 



Eta Mikel Laboaren "Baga biga" kantarekin, neguaren bideo polit bat dago hemen:




Eta baita Mikel Laboaren azkeneko diskako "Negua (txorien heriotza)" kanta bikain eta tristea. Zoragarria.


Sunday, February 10, 2013

Aralar

Bai, gaur gure Aralarko mendizerrari buruz idatziko dut. Gaur goizean, Aleiko zelaitik abiatuta, buelta ederra egin deu, Agautza lehenik, Sasterriko koba, Lareo, Akaitz txiki, Errekabeltz eta buelta. Sekulako elur piloa zegoen, Agautz gainera iristean konturatu gara hortaz, igo garen aldean ez zegoen elur gehiegirik, baina gaina harrapatu dugunean, dena zuri zegoen, eta geruza handia gainera. Gustora ibili gara, elurretan ibiltzea askoz nekagarriagoa da, baina ematen duen patxada eta ixiltasuna izugarriak dira, bikainak, hotzikara eragiten didate. Erabat inguru basatia da, gizakia ez da gai holako ingurune batean bizitzeko, elurrak eta hotzak ematen duten gogortasunera ez gaude ohituta, ez. Beraz, horrelako buelta eder bat eman ondoren, eta etxera itzultzean, sekulako ilusio eta harrotasuna sentitzen dut, beste behin ere mendiak eskaintzen digun gogortasun, bakartasun eta ixiltasunean ibili gara eta itzuli gara, gorputzeko poro guztiak zabalik, eta burua erabat despejatuta, berriro hara itzultzeko gogoz.



Agauntza ibaiaren bailaran bizi garenontzat, Aralar oso gertuko mendialdea da, etxetik atera eta mendiz inguratuta bizi gara, gure etxeak errekaren aldamenean dauden arren, kalera atera eta mendia dugu ezker-eskubi, eta Aralarko gainak pixkat urrunago dauden arren, berehala ditugu, esku-eskura. 



Zuri, berde, hori eta gorri. Horiek dira mendiaren koloreak. Neguan, zuri, lasai, ixiltasun ikaragarria, norberaren arnas hotsa eta bihotz taupadak entzuteko modukoa. Elurraren hoztasun zabala da nagusi neguan, baina txorien txioak entzuten direnean, badakigu, bai, elur azpian egondako larre eta belardiak, eta itxita egon diren pago eta haritzen erne muinak lehertuko direla eta begietan mina ematen duten berdetasunez jantziko direla, eta udaberrian dagoen berdetasun eta lerdentasun horrek igo arazten ditu abereak goiko larre gozoak bazkatzera. Neguko isiltasuna joan da dagoeneko, behi eta ardien zintzarri hotsa da nagusi, udarako egun bero eta sargoriek, mendialdeko abereak itzaletara bidali arte behintzat. Orduan jasotzen dituzte goikaldeko larreek pasadarik handiena, eguzkiak kupidarik gabe jotzen du, eta udaberriko berdetasun hezea horitzen da, orduan da garaia abereek erreka zuloak bilatzen dituztena, eta goizeko edo iluntzeko preskuraren eta behe lainoaren zain egoten direna. Udazken hasierako zaparradek eta haizeak inguru guztia gorriz, marroiz eta okrez jantziko dute dena, kolore bizi eta indartsuak, pagadiak udazken lorez jarriko dira, berriro negurako prestatuz, berriro zikloa itxiz.




Eta guk hori dena disfrutatzeko daukagu. A ze plazerra, bertan ibiltzea, haizearen laguntza indartsuaz, elur zuriaren fereka hotzaz, euriaren laztan hezeaz eta eguzkiaren goxotasun goiztiarraz... Ze sentsazio gozoa, oraindik ibili gabeko lekuetatik igaro eta gauza berriak (erdi ezkutuan dagoen txabola bat, pagadi ixil eta gorde bat, belardi berde eta argitsu bat...) deskubritzean, bihotza eta arima pizten didate.

Aralar da nire ibilaldi askoren jomuga, ametsen kokaleku eta bizi indarra ematen didana. 

Gaurko kanta: "Ikusi mendizaleak", Leihotikan taldeak abestuta.



Edo bertsio klasikoagoa nahi baduzu entzun, hemen:




Saturday, February 9, 2013

Euskal Herria-Aberria

Oraingoan ez dut gehiegi idatziko, gure herriari buruz hitz batzuk. Euskal Herria zer den definitzea ez da erraza, makina bat borroka, gatazka, ez-ulertu eta historia beltz egon dira gure inguruan.  Niretzat Euskal Herria, lehenik eta behin ezagutu behar den toki bat da, eta ezagutu ahala maitatuko duguna, bere lurralde, mendi, hiri, itsaso, erreka, basamortu eta biztanle. 

Abertzalea izango naiz ziurrenik, baina nire aberria horixe da, nik maite dudan lurraldea, ez beste ezer, ez dut nahi beste ezertxorekin nahastu gaitzaten, nik gure lur hau maite dut, gure hizkuntza, gure kantuak, dantzak, laguntasunak eta negar egiteko moduak.


Orain dela gutxi Xabier Leteren poema errezitaldi batean entzun nuen hau, eta ezin dut hobeto adierazi aberriak niregan eragiten duena. Hauxe da:



SARRERA:
Gaur, izan ginen hartatik ia ezer ez denean geratzen
Berriro txuriz jantziak ikusi ditut mendiak
Ekialdeko bortu ederrak begiratu ditut hunkituak
Eta barnearen barne barnekatuenetik
Esnatu zait denboraren abaraskaren pean estalia zegoen mantua
Goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza…

AMAIERA:
Basoilarrak kantatzen düzü Iratiko basuan…
Nik askotan pentsatu izan dut
Aberria nunbait baldin badago ez dagoela ez ideologiatan ezta politikoen erranetan;
Aberria musika eta kantu xahar hauetan dagoela
Hor sentitzen dena, ni behintzat kokatua eta emozionatua
Eta paisana bat ikus genezake, hantzeman genezake, ororena,
Aspalditik letorkigukeena, hain hunkigarria…



Bideoa ere jarri egin dut, merezi du, benetan, kanta entzutea. Amaieran Xabier Leteren hitzak ez dira oso ongi entzuten, baina hor goian duzue esaten duena. Eta horixe da hain justu, nik neronek sentitzen dudana, horixe da aberria niretzat, eta ez beste makina bat tontakeri nonbaitetik sartu nahi digutenak.



Sarrera eta amaiera bitartean, Joxen Goikoetxeak "Basoilarrak" kanta herrikoiaren interpretazio zoragarri bat egiten du. Hunkitu egiten naiz bai kantarekin, bai Letek dioenarekin, "horixe naiz ni, hori da nik esan nahiko nuena", pentsatu nuen entzun nuenean.


Eta ezin hau amaitu Benito Lertxundiren "Oi ama Eskual Herri" kanta jarri gabe. 

Herrigintzan

Herriko lanetan ibiltzeari eta norberaren probetxurako ez diren lanetan ibiltzeari herrigintza deitzen diot. Makina bat jende ibiltzen da, gure inguruan, norberaren mesedetan ez diren lanak egiten. Miresmen osoa diet nik horrelako jendeari. 

Garai batean, Ataunen, oso hedatua zegoen auzolan kontzeptua, herritarrek, elkarlanean lan asko eta asko egiten zuten, lana egin, lagunartean egon, hitzegin eta hamaiketako eder batekin, gustora hurrengorarte.

Auzolan asunto hori galtzen joan da pixkanaka, gaur egun ez da erraza gure gizarte geroz eta indibidualistagoan talde lanerako jende gogotsua bilatzea, nik ikusten dudana nire inguruan bakoitzak berea egin eta kitto, hor konpon, lana egin dezala aldamenekoak, nik nire asunto eta gauzak baditut, ez dit gehiegi ajola beste edozerk.

Nik neonek ere auzolan handirik ez dut egin gaztetan, oain pentsatzen jarrita, iruditzen zait izu samarra eta nerekoia nintzela garai haietan, ez nintzen kontziente bazeudela inguruan lana egiteko motibo ugari. Denbora pasa ahala, bilatu ditut arrazoi ugari auzolan edo herrigintza hori egiteko, bai, egiteko, inplikatzeko eta indarra egiteko, eta gustora egiteko gainera, ikusten baitut, gure herri honen ezaugarrietako bat horixe dela, denok lana egitea denon onerako.

Egia esango dizuet, makina bat alditan egon naiz halako bilera edo halako tokitara joan beharra nuela eta ez joateko zorian, baina aitzakia merkerik ez dago bilatzerik, eta momentu batzutan gogo handirik ematen ez duen arren auzolaneko dinamika horrek (batez ere neke handia eta konpromezua eskatzen dutelako), badkit gero jasotzen den fruituak merezi duela, eta beraz, egin beharra dagoela.

Irakurtzen ari zaren hori ere, bai zu, zuk ere badaukazu zer egitekorik. Ziur egon zaitez, geldi egonda ez duzula lortuko eta beraz, utzi alde batera pereza eta alperkeria, eta ekin herrigintzari.

Gaurko kanta: "E, txo!", Hertzainak taldearena. Kantan esaten duen moduan:

Eh txo! Gehiegi itxoiten duk...
Atera hadi kalera,

ta berreskura hire martxa 
itxoiten ezin duk ezer lortu






Friday, February 8, 2013

Ostiral gauak

Asteko egunik onena izaten da ostiral arratsalde-iluntzea. Gaurkoa ere bai. Eguraldi heze, hotz eta lainotua daukagu, etxe barruan gozo egoteko aproposa. Bihar goizean lanera joan beharrik ez eta lasai lo egiteko aukera ederra izango dugu. Ostiral arratsaldeak niretzako gozada bat dira, etxean lasai egon, astean zehar egin ez daitezkeen gauzak egin (txirula jotzen hasi naiz berriro, telebista ikusi, txalapartako saio bat egin...) eta ohera oso goiz joan beharrik ez dagoenez, sutondoan blog honetan zerbait idazteari ekin.

Ihauteri giroa somatzen da otsaileko asteburu hotz honetan, jendea gustora ibiliko da Tolosa inguruan, juerga eta festa giroa nagusi, baina ez dut uste ni haruntza joango naizenik, Naparroa aldeko mendien deia somatzen dut eta buelta batzuk egingo ditut, elur dexente egin du eta ea horrela den edo ez konprobatzera.

Asteburu lasaia aurrean dugu, eta ostiral hau horren aurrekaria izan da. Ataungo bailara eder eta patxadazko honetan, mendiak elurtuta ikusten ditut, elurra gertu dago eta bertatik datorren haize hotzak, etxe barruan sartzeko gonbitea ematen digu. Ez da giro egongo Lizarrustiko basoan! Ez nuke gaur gauean han ibili nahi. Behin baino gehiagotan pentsatu dut, egunez ibili ondoren, gure etxeetara joaten garenean, mendiak hor geratuko dira ba, iluntasuna nagusi, erabateko ingurune latz, gogor eta beldurgarria bihurtuz, basoko piztien esku eta haize indartsuaren menpe. Beldur pixkat ematen dit horrek, eta egia esan, hor egotea tokatu balitzait, txabola batean, edo vivac bat egiten, puffffff, ez dakit nola moldatuko nintzatekeen, superbibentziako ikasgai zaila izango zen.

Baina etxean, sutondoan, ostiral iluntzeaz gozatzeko, eta patxadaz disfrutatzeko, kanta bat doakizue oraingoan ere.

Geratu zaitez nirekin: "Stand by me", Ben E. King-ena. Oso kanta polita iruditzen zait, izen bereko pelikula goxo, bare eta laguntasunaren gaia ederki erakusten duen pelikula da. Badakizu, laguna, zu ere beti nire ondoan egotea nahi dut. Kanta hau zuretzako da. 




Thursday, February 7, 2013

Hainbat gauza

Hemen hastera noa berriro, beti berandutzen zait zerbait idazten jartzen naizenean, egun luzearen ondoren, eta egia esan inspirazio handirik gabe nabil azken aldian, nekatuta, aspertuta, gogaituta, ez naiz indar handiegiekin aurkitzen, 40 urteen krisia ote da?


Lanean ere horrelaxe sentitzen naiz, goizean jaiki, gosaldu, autoa hartu, joan ilunpean, automata bat bezala, klaseak eman, gora eta behera ibili, kafe bat edo beste hartu, harrapaladan bokaillo triste bat jan, hizketako denbora handirik gabe ibiltzen gara, klaseak amaitu ondoren lanak jarraitzen du, zuzenketak, klase prestaketak, bilerak, gurasoak, korreoa, autoa hartu ilunpean, berriro automata bat bezala gidatu, etxera iritsi, sutondoan eseri, lasai egon nahi dut, pakean, beti ez da erraza izaten, musika entzun, eskerrak musika daukadan, horretxek lasaitzen nau.


Bai, azken bi asteak gogorrak izan dira, nire inguruan albiste oso onak ez baitira ibili, eta ez nabil oso umore oneko. Ratxa txarrak pasatzen omen dira, eta hori espero beharko dugu.


Eguraldia ere azken bizpahiru astetan ez du lagundu, hotza, hezetasuna ugari, euria, elurra, kazkabikoa, iluna nagusi, hodeitza izugarriak, neguaren gordintasunean gaude, eta horrek ere nire umorean eragin duela garbi daukat. Mendira joateak lasaitzen eta relajatzen nau, eta aste osoan ezer ez egiteak ez dit laguntzen, korrika edo zeozer egiten hasten ez banaiz, ustelduko naiz. Kirola egiteak pereza ematen dit, bueno, ez pereza bakarrik, krixton pereza, eta ezin animatu kanpora ateatzea korrika pixkat eittea, eta geroz eta gehigo kostau. Egie da, hasiz gero, gustoa hartzen dala, geroz eta hobeto sentitu, gorputza  nekatuago baina relajatuago ere bai...

Beno, sin mas, espresio hauxe erabiltzen dute gure gazteek gero eta gehiago, eta hasieran gorroto pixkat banion ere, orain geroz eta gehiago gustatzen zait, orain behintzat hori erantzuten dut norbaitek galdetzen badit beti galderetan erabiltzen den galdera hiper formulatu hori (Zemuz?) nire erantzuna SIN MAS izango da.

Musika jarriko dizuet, youtubeko beste bideo bat. Orain dela urte pare bat edo, Pirineotatik gentozela furgonetan, igande gau batean, erdi lotan, irratian, kasualitatez entzundako kanta bikain bat. Oso kanta ezaguna egin zitzaigun (beste birekin nentorren, hauek ere musikazaleak), Anje Duhalderen kanta bat zen, "Hemengo" izenekoa, eta letra oso polita duena:

Ez dut nik sekulan neure sorlekua hautatu
Halabeharrez da ni nonbait naiz sortu
Uzta eta haritza nasai dauden herri batean 
Zorteak nau kokatu

Kontua da, nik Anje Duhalderena zela uste genuen kanta hori entzuten ari ginela, inglesez, eta jakinminez egon nintzen entzuten, ea esatariak zer esaten zuen ondoren, irratia ez zen ondo entzuten, baina Jackson Brownena zela kanta behintzat entzun genuen. Etxera etorri eta kanta zein izan ote zitekeen deskubritzen ibili nintzen, ezin bilaturik, baina, taka! Halako batean topatu nuen, "The load out" da berezko kanta, eta youtuben dagoen bideo eder bat jarriko dut hemen behean. Kanta hori eta "Stay" izeneko beste bat daude jarraian, oso oso kanta politak biak ere, merezi du bukaerararte entzutea, lehen kanta oso polita eta lasaia da, bigarrena alaixeagoa, eta emakumearen ahotsa, izugarria.

Sin mas, hemen bideoa:


Letra ikusi nahi baduzu, klikatu hemen.

Wednesday, February 6, 2013

Asteburuko berri-Lagunak

Banatorrrrrr....

Denboratxo bat egon naiz ezer idatzi gabe, lana pilatu zait, eta egia esan gogo handirik ez du eduki ezer idazteko, hori izan da arrazoia. Gauza handirik ez dut idatziko, badakizue, istorio txikiak dira hemen protagonista.

Asteburu ederra pasatu dugu, Arrasaten ingenieritza ikasitako 6 lagun Vielha aldera, Aran bailarara joan gara, urteero egiten dugun bisita. Iadanik hamabost urte inguru eramango ditugu, eta lagun giro ederra eduki dugu bertan. Ostiralean joan, tenperatura oso epelarekin, eta zapatu goizean jaiki eta elurra kalean, lainoa beheraino sartuta eta giro hotza. Lagun artean, elurretan buelta ederra eman dugu, Montgarrira joan gara, abandonatutako herrixka bat da hau, refugio polit bad dagoena, bertan egon gara, zerbait jan, berotan sartu eta indarrak errekuperatzen.

Arratsaldean Vielhan poteo ederra, zerbeza eta pintxoak lasai jan, elurra ari du, haize hotza dabil eta sutondoan egoteko giroa dago. Automobilean ere peripezi txikiak egin ditugu, gure hostalera bidean. 

Igandean, giro aparta atera da, eguzkia irten da eta oinezko buelta ederra egin dugu Lazkaotarrak eta Ataundarrak, elurra zuri zuri eta kapa ederra zegoen, naturaren indarra somatzen zen inguruetan, han zegoen pakea, patxada eta isiltasun ederra. Ze polita den mendia elurretako hoztasun zabalean.

Asteburuan ederki ibili naiz, mendiko giro ederrean eta lagun artean, zorionez baditut bai lagun onak, beti hor aldamenean daudenak (zaudetenak) eta asko eskertzen dut nik hori, baten bat egotea zure ondoan edozer behar denean, ordaindu ezin den lujo bat da. Bai lagunak, pozik zaudenean elkarrekin parre egiteko, triste zaudenean laguntzeko, baju zaudenean animatzeko, haserre zaudenean lasaitzeko....

Ohean nago hauxe idazten, kanpoan euria, haizea, elurra, turmoika ari du, a ze negu giro gogorra. Berotan eskerrak gauden, eta goxotasun hontatik jartzen dizuet gaurko kanta. Lagunekin zerikusia eduki behar duela eta, "With a little help from my friends" jarriko dut, The Beatlesena da abestia baina nik Joe Cockerren bertsio extraordinarioa jarriko dut. Seguru gustukoa duzuela. Bideoa jarriko dizuet, oso ona da. Ikusi bukaeraraino, apoteosikoa!