Batzutan bizitzaren zati handiena kexaka igarotzen dugun sentsazioa daukat: hau gaizki dago, hark nik baino gehiago irabazten du, beste honek ez ditu gauzak normal egiten, hango harekin ere haserre nago gauzak ez dituelako nik nahi bezala egiten...keja eta keja, behin eta berriz, beti gauzen alde txarra ikusiz, ingurukoekin gustora ez gaudela adierazi nahiz, arazoa ziurrenik guregan dagoenean...gauza arrunt eta tribialen inguruan haserretzen eta kejatzen gara,, txorrada ugariri begiratzen diegu, eta benetan beharrezko eta garrantzitsuak direnei ez diegu kasu handirik egiten.
Nik ere sentsazio hori edukitzen dut, diskutitzen dugunean lanean, edota etxean edo lagunekin, eta gero konturatzen zara ez duela zentzurik izan, tontokeria huts bat zela eta denbora hortan galtzea sekulako atzerapausoa dela eta ez duela merezi gure bizitzako zati hori (nahiz eta txikia izan), kexatzen eta merezi ez duten gaien inguruan pentsatzen edo hitzegiten aritzea.
Asko kexatzen gara, ni behintzat bai, seguraski nire buruarekin gustora ez nagoelako izango dela hori iruditzen zait, eta haserre edo egoneza hori besteengan bideratzen dut. Badakit hori hobetu behar dudala, nire ingurukoek ez dute errua eta ez dute horrelakorik merezi.
Eta bigarren hausnarketan sufrimendua sartu nahi dut. Mina hartzen dugunean (eskua edo hanka hautsi), edo azterketa bat gaizki atera zaigunean, edo lo gutxi egin dugunean eta nekatuta gaudenean, iruditzen zaigu gu garela munduko gizakirik zorigaiztokoenak, guri gertatzen ari zaigun horixe dela txarrena, edonori gerta dakiokeen kalamitaterik handiena guri tokatzen zaigula. Eta ez dugu hartzen denbora besteena ikusten, gure aldamenean dagoen lagunaren sufrimendua, ixilik dagoen lankidearen tristura, lanik gabe dagoen jende multzo handiaren egoneza eta etxerik gabe dauden gazte, heldu zein zaharren drama latza. Ez, gurean sartzen gara, gurean enrokatzen gara eta gurea da txarrena eta okerrena, ez dakigu besteen larruan jartzen, eta horixe da gaurko gizartearen akatsetako bat nire ustez. Eta hasten bagara hizketan zeinen ondo bizi garen, gure neke, tristura eta gabeziak eduki arren, 3. munduan bizi direnekin konparatuz, ba, egia esan, negargurea jartzen zait, eta errealitate hori gure inguruko pertsona asko eta askori gustora erakutsiko niela pentsatzen dut, ea barruak astintzen zaizkien eta gauzak asko erlatibizatuko zirela iruditzen zait.
Orain dela bi urte inguru, Xabier Letek gure herrian eman zuen poesia errezitaldi bat, eta sufrimenduari buruz hitzegin zuen. Ez dakit oso zuzen jarriko ditudan berak hain era egokian azaldu zuena iluntze hartan. Esaten zuen, pertsona arruntak ezin duela imajinatu sufritzen ari den pertsona batek ze errealitate eta ze esperientzia bizi dituen. Berak gaixotasun larri bat izan zuen urteetan eta zentzu horretan ari zen, sufrimendua pairatzen zuen pertsona baten izenean. Makina bat gauza errazago ulertuko lituzkeela norbanakoak, sufritzen dagoen pertsonaren larruan jartzean. Egia esan, bere hitzak hunkitu egin ninduten, oso argi azaldu baitzuen, eta argi azaltzeaz gain, taularen gainean ederki soma zitekeen poeta atormentatu bat zegoela, bizitzan asko sufritzea tokatu zaiona, eta zer pentsatu handia ematen dit oraindik ere momentu eta egoera hartaz gogoratzen naizenean.
Kanta bat jarri behar dut, ea gustoko duzuen. Idatzi dudan gaiaren inguruko kanta egoki bat bilatu behar dut. Baten ordez bi jarriko ditut, biak diska berdinetik ateratakoak, Celtic twilight, vol 2. Diska hau entzun nuenetik, musika zeltiarraren zale egin naiz, oso melodia lasai, eder eta politak daudelako bertan, makina bat aldiz entzun dut diska osatzen duten kanta sail horixe. Kanta denak dira oso onak, eta horien artean aukeratu ditut bi. Egia esan, jardun naizen gaiaren inguruan musika lasaia topatu nahi nuen, espero dut gustora entzungo duzuela, eta gogoratu, ez hainbeste kexatu, zure denbora ez gastatu inora ez dihoazen kejetan, baizik eta benetan ederrak eta merezi duten gauzetan.
1) Nightnoise taldearen "A different shore-For Eamonn".
2) John Doan-en "The journey home"
1) Nightnoise taldearen "A different shore-For Eamonn".
2) John Doan-en "The journey home"
No comments:
Post a Comment