Izugarri gustatzen zait euria. Gaur horretaz oroitu naiz. Egunean zehar eguraldi ederra izan dugu, eguzkia lagun eta egun argitsua, horregatik, 19:00ak aldera, dena ilundu du, baina gainera guztiz, eta laino beltz potoloek beraien zama askatu dute, sekulako eurijasa indartsuari ekinez. Gainera argiak piztu gabe zeudenez, derrepente gaua egin da, dena ilun, euria indartsu, a ze egunaren aldaketa.
Oraindik ere gogoan dut nola egoten nintzen txikitan, terrazan, aitonaren magalean eserita, euria erortzen ikusiz, gustora, berak, arropak zintzilikatzeko pintzak ilean jartzen zizkidan bitartean. A ze momentu gogoangarri eta marabillosoak.
Eskolatik ateratzen nintzenean eta euria erruz eginda bazegoen edo euritan ari bazen, gustora, putzu guztietan hankak sartu eta mela-mela eginda etxera iristen nintzen, hau kantatuz:
"Plisti-plasta, plisti plaust
mela-mela ta blai-blai
plisti-plasta, plisti plaust
harri kozkor ta buztin...
Bota berri ta guzti
irten naiz etxetik
gauez egin du eta
euria gogotik
Putzutan ez sartzeko
nire amak esan dit
berak esandakoa
egin behar beti"
Ikusten duzuen moduan, bertsoko azken esaldia ez nuen nik betetzen, disfrutatu egiten nuen hankak plasta! putzutan sartuz, indarrez ostikada joz, zapatillak eta hankak busti-busti eginda etxeratzen nintzelarik.
Harrez gero ere beti izan dut gustoko euria, "euriak dakarren patxara sakona" esaten du Letek "Herri zahar hontan" poeman, eta halaxe da nire kasuan. Euri tantek ateratzen duten zurrumurrua, inguruan jartzen den ixiltasuna, autoek errepidetik igarotzean ateratzen duten ur zarata....seinale nabariak dira euria egin duenarena.
Eguzkia ere maite dut, bai, eguzkiak ematen duen argitasuna eta goxotasuna asko estimatzen da, baina euri egunetan mendietan behera jaisten den behe laino hezea ikustean eta euri tantek zuhaitz, lore eta belar guztiak estaltzen dituenean, ai zer plazerra!
Eta mendian tokatu zaidanean euria, baso majiko eta inguru ederretan euri tanta fin zein mardulek harrapatzen nauenean ere maite dut euria, azalaren kontra euria nabaritzea gozada bat da, eta autora iritsi eta arropa bustia kendu ondoren lehorra jantzi eta gorputzak nabaritzen duen berotasunean sartzea, bizirik gaudenaren seinale dira.
Eurirekin zerikusia duten kanta asko daude, tartean Bob Dylanen "A hard rain is gonna fall", Guns ´n Rosesen "November rain", Creedence Clearwater Revivalen "Have you ever seen the rain", Gene Kellyk abesten zuen "Singing in the rain" (honek izango du nire umeetako euritako ibiliekin antzik handiena, beraz honen bideo bat ere txertatuko dut)...hemen duzu interneten aurkitu dudan zerrenda bat.
Hala ere, nik kanta hau jarriko dut hemen: "Raindrops keep falling on my head". B.J. Thomasek konposatutako kanta, eta Butch Cassidy & the Sundance Kid pelikulan (Espainian "Dos hombres y un destino" deitu zena) oso ezaguna egin zen kanta alai eta baikorra, disfrutau:
Eta "Singin´in the rain" kantaren bideoa ere, horrelaxe ibiltzen nintzen ni orain dela urte gutxi batzuk (eta oraindik ere bai batzuetan, ji, ji, ji...)
No comments:
Post a Comment