Gaur mendira joan gara Ataungo kuadrila, Aralar aldera. Goizean pereza handia, eguraldi umela eta lainotua, hala ere gora abiatu gara tertulia gozoan. Horrela joan gara tarte batean, Aralarko inguru eta txoko polit eta lasaiak ikusiz. Giro goibela dago, eta erabateko ixiltasuna dago, natura hilik egongo balitz bezala, negua igarotzeko lozorroan. Baina ze paraje ederrak.
Goraka goazen neurrian, elurra agertu zaigu. Elur zuri eta lehorra, ibiltzeko erosoa, eta basoan sartu gara, Aralarko pagadi handi eta basatian. Dena zuri dago, harriak ere zurituta eta pagoak ere manta zuri batez jantzita, eta ixiltasun bare eta zoragarria dago, txoriak gaur zuloren batean sartuta egongo dira eta udaran inguru hauetan ibiltzen diren ardi, behi eta behorrak, beheko lursailetara aspaldi jaitsita daude. Eta basoan ibiltzeak, nire barnea erabat lasaitzen du, zenbat atsegin dudan pagoen artean ibiltzea, lurrean dagoen orbela astinduz, tarteka agertzen diren putzuak saltatuz eta lokaztiak sahiestuz (nahiz eta batzutan, plasta! lokatz putzu likatsuan hanka sartu eta bertatik hanka eta bota ateratzeak ere lana ematen digun).
Elurra betidanik gustatu izan zait, txikitan ere izugarri gustatzen zitzaidan, elurra egiteko desiatzen egoten nintzen, elur pelotak egin eta bota, lagunekin gehiegi ez nuen jolasten, baina etxe inguruan elur bolak hartu eta bota, zuhaitzei, argi posteei, etxeko leihoei eta baita errepidetik igarotzen diren automobilei ere. Tarteka elurrezko panpinen bat ere egiten nuen, eta gehienean bakarrik ibiltzen nintzen, nire arrebari ez baitzitzaion elurretara joatea gehiegi gustatzen, eta ni, berriz, jostari, gustora, eskuak eta oinak hoztu arren, benga, segi elurretan. Eta noski, plastikoa hartu eta aldapa gora igo, eta iuuuuuuuuuffffff, beheraka abiada bizian, belozidadea hartu eta azken momentuan frenatu eta benga, berriz gora, behin bidea egin ondoren, geroz eta azkarrago jaisten da eta beraz, geroz eta gustorago. Han ibiltzen nintzen, jotake, elurraz gozatuz. Beno, halako batean, akordatzen naiz, nola plastikoarekin goitik behera nindoala, berandu frenatu eta bost metroko altuerako pareta batetik erori nintzela, belardi batetik beherakora, eta eskua hautsi nuen. Nire arrebak erorikoa ikusi zuen eta berak lagundu zidan, etxera etorri eta eskua minduta eduki nuen, eskaiola jarri eta konpondu zen ordea, badakigu umeetan egindako lesio eta hausturak zeinen erraz sendatzen diren.
Elurra eta basoa, elurretan basoa, basoan elurra, biak batera, lasai eta gozo bertatik ibiltzea plazer hutsa da. Pentsamendu asko etortzen zaizkit burura, zeinen gogorra den horrelako tokia, bizitzeko ez da batere erosoa, baina aldi berean nolako bakartasun sentsazio ederra eta patxada sakona dakarrena niregana.
Makina bat itzuli egin ditut basoetan barrena elurrik gabe, eta ipotx edo elforen bat agertuko ote litzekeen zai egon izan naiz, a ze toki ezkutu bezain zoragarriak. Eta makina bat itzuli egin ditut elurtutako basoetan ere, bizitza elurraren azpian ixilik eta lozorroan dagoela somatuz.
Itzuliko naizela ziur nago.
Ez dakit zergatik (beno, asko gustatzen zait kanta, baina gaiarekin ez dakit ze lotura duen), pentsatzen aritu naiz, eta elurrari lotutako kanta baten bila nenbilen bitartean, hauxe bururatu zait, beraz, hor doakizue. Disfrutatu kantaz eta elurraz!
The last of the mohicans-Main title. Trevor Jones & Randy Edelman.
The last of the mohicans-Main title. Trevor Jones & Randy Edelman.
No comments:
Post a Comment