Thursday, January 17, 2013

Negua

Negu beltza
Negu grisa
Negu hotza, haizetsua, handia.

Eguzki izpien berotasun urria, 
ilargiaren zurbiltasun hotza,
izarren argitasun urrutikoa.

Elur zuria,
haize gogorra,
izotz hotza
lore tximeldua,
hosto eroria, 
zuhaitz biluzia.

Baso goibela, 
baso zabala, 
baso ederra.

Errekaren xuxurla jostaria,
mendien hoztasun zabala,
baserrien iluntasun urruna,


Haizearen astindua, 
euriaren bustidura,
elurraren fereka
txorien ixiltasuna,
tximeleten lozorroa,
naturaren pakea.

Egurraren sua, 
suaren kea,
kearen usaina,
sutondoko goxotasuna,
ipuinen laguntasuna,
solasaldien oparotasuna,
lagunen handitasuna,
norberaren poztasuna.

Poetak esaten zuen bere bertso batean: "elurrak dakarren patxada sakona...". Bai horixe, hala dela diot nik ere. Zenbat gustatzen zaidan negua! Eta neguan bakarrik ibiltzea, basotzar zabal, isil eta goibel horietan barna izugarria da, nire izakerarekin bat datorren parajea horixe dela konturatu naiz.


Eta neguak sortzen didan sentipenak jasotzen dituen poema da ondorengo hau, Xabier Letek idatzitako poema bikain baten letra dator segidan. 

Eta ikus ezazue bideo hau, poesia horri sarrera bat egiten dio, gero osorik errezitatuz. Eta errezitaldiaren amaieran Joxan Goikoetxeak soinuarekin jotzen duen piezak, guztiz hunkitzen nau, begiak lausotuta eta bustita jartzen dizkit entzuten dudan bakoitzean. Benetan zoragarria.


Neguan izan zen-Xabier Lete 
(Egunsentiaren esku izoztuak poema liburutik jasoa)

Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut
Bianditz mendiaren hegal-gailurretan,
xuri hartan begirada itsatsirik
“berriz ere negua atarian”
esan diot ahots apalez nere buruari,
zer nolako hunkidura elur xuriena
nerabeak ginenean herri galdu hartan…
begiratzen genituen bortuak, mendilerroak
eta han ekialdean Nafarroa zegoela esaten ziguten,
Lesaka, Baztan, Auñamendiak
haratago Europako erresumak edo agian Errusia
eta baikenekien noraino ailegatzen zen mundua,
baina mendilerro hurbil haietatik zetorkigula dena

Hori ongi genekien gure ez jakin eskasean,
hodeiak, ekaitzak, elurrak eta negua,
eta izendatzearekin eraikitzen zirela gertakizunak
eguratsen aldaketak iragarri eta halabehartuz…
gero laster eguberria genuen atarian
eta Olentzero ikazkina menditik jaisten zenean
sua eta mezua bailarara ekarriz
gure bihotzetan zilarrezko txintxarriek
errepikatzen zuten zorion harrituaren doinua…
penaz begiratzen genien orduan zoritxarrekoei
eta haiengandik hurbilago ginen sentitzen
zorteak onizatearen atari epeletatik uxatu zituelako...
gaur, izan ginen hartatik

Ia ezer ez denean gelditzen
berriro xuriz jantziak ikusi ditut mendiak,
ekialdeko bortuetara begiratu dut hunkitua
eta barnearen barne barneratuenetik esnatu zait
denboraren abaraskaren pean
estalia zegoen kantua:
goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza.


No comments:

Post a Comment