Saturday, January 26, 2013

Noraezean

Bai, batzutan gertatzen da, ezta? Ez garela sentitzen gustora egiten ari garenarekin, bizi dugun bizimoduarekin, sentitzen dugunarekin, eta gurpil handi batean sartuta egongo bagina bezala gabiltzala, bertatik ezin atera, eta  gainera gurpilak eramaten gaituela norabait, baina ez guk nahi dugun lekura, beno, egia esan, iruditzen zait gehienetan guk geuk ere ez dakigula nora joatea gustatuko litzaigukeen. 


Eta ez dago derrigorrez gurpilaren barruan sentitu beharrik, niri askotan gertatzen zait hori, rutina bat hartzen dugu (bai, goizean jeiki, gosaldu, autoa hartu, lanerako bideari ekin, lanean ordu piloa egin, zeoze bazkaldu, askotan gogo eta ganora handirik gabe, autoa hartu, etxera itzuli, lan gehiago egin, afaldu, telebista ikusi, irakurri eta ohera) eta rutina eskas horretan ibiltzen gara, egunero berdina egiten, eta pentsatzen jartzen bagara, konturatzen gara, ze bizimodu tristea ezta? Makina bat aldiz igaro zait idea hori burutik, zertan ari gara bizi honetan? Zer daukagu egiteko? Zein da gure funtzioa? Zertarako gaude planeta honetan?


Ez al zarete pentsatzen jarri horrelako galderetan? Ni behintzat bai, eta zalantzaz betetako pertsona naizela ikusten dut, ez dauzkat gauzak batere garbi, erabakiak hartzeko orduan ere, ezin deziditu, beti segurtasunari begira, ezin arriskatu gauza berriak egiten, ezin ausartu egunerokotasun seguru hori hausten eta nire bizitzak daraman norantza aldatzen, askotan noraezean ibili gabe. Bai, halaxe da, nire ingurukoek esaten didate sarri, eta neu ere pentsatzen ibili naiz honen inguruan, nie inguru hurbilarekin ditudan lotura eta kate horiek oso astunak eta gogorrak direla iruditzen zait, eta horiek haustea kostatzen zait, nahiz eta (azken urte hauetan geroz eta gehiago), horren inguruan pentsatzen aritu naizen.


Puuuuuff, ikusten duzue, gaur traszendental samar nago, noraezean nabilen sentipena daukat, eta buruan ditudan idea pilo bat martxan jartzeko ausardiaren beharrean nago. Dena hartu, puskatu orain arteko guztiarekin eta urrutira joan, alde egin hemendik, nire iparra aurkitu eta nire bizitzari zentzua aurkitu, horixe dela uste dut gure bizitzan egin behar duguna.

Kanta bat jarri nahi dut agurtzeko, ez dut kanta tristerik jarri nahi, ea, pentsa dezadan...

Izugarri gustatu izan zitzaidan bere garaian, Thunder Road Bruce Springsteenena. Gaztetan entzun nuenean, askatasunari kanta izugarri eder eta alai bat iruditu zitzaidan, ez dakit, amesteko aukera nuenean beti iruditu zitzaidan, abentura izugarriak bizitzeko kanta aproposa zela. Bertsio desberdin dexente dituen arren, zuzeneko diskoan (1975-85 Live diskokoa) agertu zena jartzen dizuet, nik entzun nuen lehena. Hemen doakizue:

"Thunder Road"-Bruce Springsteen. Letra hemen ikusi dezakezu


Eta baita beste bat ere, kanta hau ere bikaina da. Mark Knopflerek egin zuen, "Local hero" pelikularako, Going home izena du kantuak, eta seguru hau ere ezaguna egiten zaizula. Niretzat kanta hau ere zoragarria da, eta ametsetan jarraitzeko musika ezin ederragoa, paraje zoragarriak datozkit burura kanta hau entzutean.




Disfrutatu.



No comments:

Post a Comment