Monday, January 28, 2013

NAFARROA

Zer esan Nafarroari buruz? Esateko askorik ez daukat, sentipenak azaltzea ez baitzait erraza egiten, eta Nafarroak nigan sentipenak eragiten dizkit, sentipen sakonak. 


Makina bat aldiz ibili naiz Nafarroa aldean, txikitan oporretan Puente la Reinan egoten ginen, umeak ginen eta oso gustora pasatzen genuen, egunero piszinara joanez, udara zoragarriak ziren. Gero, Urbasako uztaileko egonaldi alaiak ere gaztetako oroitzapen ezin ederragoak dira, umeak ez ginen baina oraindik preokupazio handirik ez geneukanez, egun guztian jolasean genbiltzan. Pirineotako lehen ibiliak egin genituen Erronkari eta Zaraitzu ibar zoragarriak ezagutzea etorri zen ondoren, benetan bailara basatiak, ederrak, mitikoak. Ezin ahaztu nire sorterritik hain hurbil dagoen Aralar mendizerraren eremu handi bat Nafarroako parte dela, Putterri, Lizarrusti eta Igaratza aldean egindako ibiliak ere kontaezinak dira. 


Nafarroako txoko eta bazterrak deskubritzeko egindako ibiliak ere aipatu nahi nituzke, zenbat txango egin ditudan lurralde zabal hau ezagutzeko ilusioz. Zenbat ibili eta pasadizo bizi izan ditudan. Zenbat mendi, bailara eta erreka. Zenbat bide, pista eta pagadi. Zenbat herriska, belardi eta iturri. Malerreka, Baztan, Basaburua, Imotz, Baldorba, Itzagaondoa, Erroibar, Artzibar, Longida, Urraulgoiti, Romanzado... denak mendian ibiltzeko zoragarriak, bakoitzak badu bere berezitasuna, batzuk berde-berdeak, besteak menditsuak, lauak ere bai, bakartiak, isilak...


Nafarroa niretzat, herrialde mitikoa eta ederra da. Bertan nabilenean aurkitzen dudan lasaitasun eta pakea dira bertara joateko nire arrazoia.

Nafarroari buruzko kanta zoragarria da, Xabier Leteren "Nafarroa arragoa". Hunkitu egiten nau kanta honek, ezin ederkiago deskribatzen du lurralde eder hau. Kanta entzuten den bitartean, paisaiak ederki ikusi daitezke, eta letra hain da polita...




Nafarroa, arragoa,
argiaren pausaleku
haizearen ibil-toki zabal,
hesirik gabea.

Nafarroa, arragoa,
sua eta ura,
kondaira urratu baten oihartzun oihukatua.
Amets bat baino gehiago,
ez oparotasun osoa:
nahiaren eta ezinaren 
burrukatoki ekaitzez betea.

Nafarroa, arragoa
mahats eta gari
maitasun eta gorroto
gezur eta egia gurea.
Nafarroa, arragoa
lur beroen sabel emankorra
eta goiko mendi hotzen mendetako loa.

Nafarroa, zuhur eta eroa,
lurrik maitatuena,
hormarik gabe utzitako etxea:
erreka gardenen negarrez
ibai lodietara ixurtzen ari den
odol bustikoarraren iturri bizia.

Nafarroa, arragoa
eta oinarri, eta oinaze
eta bidean zure bila ibiltzea ...
Pinudiek usaintzen dituzten
harri txigorrezko bidetan gora
o, Nafarroa, Nafarroa betikoa.


No comments:

Post a Comment