Saturday, January 12, 2013

Zeruan kometak dabiltza

Bai, horixe, aurrekoan esandakoari jarraituz, zeruan ez daude bakarrik hain eder diren eta urrun dauden izarrak, tarteka beste zerbait ere ikusi daiteke: euria botatzera doazen laino potoloak, hegaldi bare eta ederrean dabiltzan saiak, ikusten ez den haize bolada indartsuak ere somatzen ditugu, baita udazken aldean zuhaitzak biluztuz alde egiten duten hosto piloa...


Baina ez dut jarraitu behar hainbeste atsegin dudan naturari buruz hizketan, baizik eta oso tarteka zeruan ikus daitezkeen beste elementu batzuetaz baizik, kometetaz. Beno, egia esan kometetaz ez, baizik eta irakurri berri dudan liburuari buruz "Cometas en el cielo", Khaled Hosseini idazlearena.

Gaur egun ez dira ikusten gure inguruan kometarik (ez behintzat gu bizi garen inguru triste? honetan), txikitan gogoratzen naiz nola jolasten genuen bakaziotan, Urbasara joaten ginenean, gure pinudi maite hartan egiten genituen egonaldie luze haietan, kometak hartu eta han ibiltzen ginen ezin asmaturik, eskerrak belardi zabalak zeuden, bestela geratuko ziren makina bat zuhaitzetatik zintzilik.



Liburura (eta gaira) itzuli behar naiz. Liburu batekin hasi aurretik, kanpotik begiratzen diogu, eta honek oso azal erakargarria zuen liburuak, bi mutiko bizkarretik helduta, zeru urdin-urdinean kometak hegan dabiltzan bitartean, urrunean mendi elurtuak eta aldamenean desertu lehorra somatzen delarik. Egia esan, istorio goxoa egongo denaren irudia da, eta laguntasuna iragartzen duena. Ez noa hemen kontatzera zer gertatzen den, baina liburua IZUGARRI ONA da, bikaina, EXTRAORDINARIOA (nire lankide batek esango zukeen moduan), benetan gomendagarria. Afghanistanen girotuta dago, bi mutikoren laguntasunaren inguruan doa istorioa aurrera, eta benetan polita dela. 

Irakurtzen ari garen bitartean, istorian erabat sartzea lortzen da, eta protagonistei gertatzen dena benetan sentitzera iristen dela ere esango dut, hunkituta egon naiz une batzutan, pozik besteetan, tristura ere lagun izan dut, baina istorioa bikaina da, hau irakurtzen ari zareten guztioi (bizpairu ba ote zarete?) irakurtzera animatu nahi zaituztet.

Lurralde azpigaratu bateko bizimodua ere isladatzen da liburuan, agian ez oso sakonki, baina aurten Indian ibili ondoren eta hango errealitatea ezagutu  ondoren, ederki ulertu eta "ikusi" ere egin ditut liburuan deskribatzen diren herri eta paisaiak. Euskal Herritik, haruntza garraiatu izan bainintzen bezala egon naiz liburua atsegin handiz irakurtzen, tarteka negar malko bat ere erortzen zela aitortu egin behar...

Badugu bai zer ikasia holako herrialdeetan bizi den jendearengandik, iruditzen zaigu lurrezko etxeetan bizi direlako, arropa gutxi eta eskasez jantzita dabiltzalako eta inguru zikinetan bizi direlako, gu baino askoz okerrago bizi direla, baina hori horrela ote da? Gu baino tristeago bizi ote dira? Nik esango nuke ezetz, ezta gutxiago ere, preokupazio gutxiago eta alaitasun handiagoa ikusten da kaleetan, mugimendu izugarria, tertulia giro ederra (guk hainbeste alde batera utzi duguna...) eta patxada, bai, patxada lagunekin egoteko, familiarekin, auzokideekin, hemen, gure mundu zibilizatuan falta zaigun patxada, beti gabiltza presaka, ez dakit nora iristeko gainera... Eta umeak berriz, kalean, lasai jolasean, hautsetan, lokatzetan edo ur zikinetan, beraien bizi poza eta bizitzeko gogoa erakutsiz.

Kanta bat, niri polita iruditzen zait, buruan neukan kanta, baina ez nekien izena, bila ibili ondoren topatu dut, ea zer deritzozuen. Ni, desertu inguruko herrietara eramaten nau, haizea libreki ibiltzen den leku eder horietara.

Cheb Mani da kantaria, Douha alia du kantak izena.




No comments:

Post a Comment