Txoko honetan saiatuko naiz nire gogoetak, historiatxoak, kontuak, gustuak, pentsamenduak...idazten.
Espero gustoko izatea.
Sunday, February 10, 2013
Aralar
Bai, gaur gure Aralarko mendizerrari buruz idatziko dut. Gaur goizean, Aleiko zelaitik abiatuta, buelta ederra egin deu, Agautza lehenik, Sasterriko koba, Lareo, Akaitz txiki, Errekabeltz eta buelta. Sekulako elur piloa zegoen, Agautz gainera iristean konturatu gara hortaz, igo garen aldean ez zegoen elur gehiegirik, baina gaina harrapatu dugunean, dena zuri zegoen, eta geruza handia gainera. Gustora ibili gara, elurretan ibiltzea askoz nekagarriagoa da, baina ematen duen patxada eta ixiltasuna izugarriak dira, bikainak, hotzikara eragiten didate. Erabat inguru basatia da, gizakia ez da gai holako ingurune batean bizitzeko, elurrak eta hotzak ematen duten gogortasunera ez gaude ohituta, ez. Beraz, horrelako buelta eder bat eman ondoren, eta etxera itzultzean, sekulako ilusio eta harrotasuna sentitzen dut, beste behin ere mendiak eskaintzen digun gogortasun, bakartasun eta ixiltasunean ibili gara eta itzuli gara, gorputzeko poro guztiak zabalik, eta burua erabat despejatuta, berriro hara itzultzeko gogoz.
Agauntza ibaiaren bailaran bizi garenontzat, Aralar oso gertuko mendialdea da, etxetik atera eta mendiz inguratuta bizi gara, gure etxeak errekaren aldamenean dauden arren, kalera atera eta mendia dugu ezker-eskubi, eta Aralarko gainak pixkat urrunago dauden arren, berehala ditugu, esku-eskura.
Zuri, berde, hori eta gorri. Horiek dira mendiaren koloreak. Neguan, zuri, lasai, ixiltasun ikaragarria, norberaren arnas hotsa eta bihotz taupadak entzuteko modukoa. Elurraren hoztasun zabala da nagusi neguan, baina txorien txioak entzuten direnean, badakigu, bai, elur azpian egondako larre eta belardiak, eta itxita egon diren pago eta haritzen erne muinak lehertuko direla eta begietan mina ematen duten berdetasunez jantziko direla, eta udaberrian dagoen berdetasun eta lerdentasun horrek igo arazten ditu abereak goiko larre gozoak bazkatzera. Neguko isiltasuna joan da dagoeneko, behi eta ardien zintzarri hotsa da nagusi, udarako egun bero eta sargoriek, mendialdeko abereak itzaletara bidali arte behintzat. Orduan jasotzen dituzte goikaldeko larreek pasadarik handiena, eguzkiak kupidarik gabe jotzen du, eta udaberriko berdetasun hezea horitzen da, orduan da garaia abereek erreka zuloak bilatzen dituztena, eta goizeko edo iluntzeko preskuraren eta behe lainoaren zain egoten direna. Udazken hasierako zaparradek eta haizeak inguru guztia gorriz, marroiz eta okrez jantziko dute dena, kolore bizi eta indartsuak, pagadiak udazken lorez jarriko dira, berriro negurako prestatuz, berriro zikloa itxiz.
Eta guk hori dena disfrutatzeko daukagu. A ze plazerra, bertan ibiltzea, haizearen laguntza indartsuaz, elur zuriaren fereka hotzaz, euriaren laztan hezeaz eta eguzkiaren goxotasun goiztiarraz... Ze sentsazio gozoa, oraindik ibili gabeko lekuetatik igaro eta gauza berriak (erdi ezkutuan dagoen txabola bat, pagadi ixil eta gorde bat, belardi berde eta argitsu bat...) deskubritzean, bihotza eta arima pizten didate.
Aralar da nire ibilaldi askoren jomuga, ametsen kokaleku eta bizi indarra ematen didana.
Gaurko kanta: "Ikusi mendizaleak", Leihotikan taldeak abestuta.
Edo bertsio klasikoagoa nahi baduzu entzun, hemen:
No comments:
Post a Comment