Sunday, February 24, 2013

Igande arratsaldean

Igande arratsalde hotza eta elurtua gaurkoa. Eguraldi hotza eduki dugu asteburuan, elurra egin du, eta ez bakarrik mendian, etxe ondoa ere zurituta baitago. Haize hotza ere badabil, "beheko haizea" deitzen diogu Ataunen, iparraldetik etortzen den haizeari, behekaldetik (erreka beheraka doa, hau da iparraldera) datorrela eta, beheko haizea hotseiten diogu.


Goizean mendi buelta eder bat egin dugu, elurra zen nagusi, paraje hotz eta zuri-zurietan ibili gara, aldi berean zoragarriak: zuhaitz guztiak elurtuta edo aintziarrarekin zeuden, apenas bustitzen zuen elur hautsa zen nagusi eta ondo abrigatuta ibili garenez, gustora eta nahiko epeletan ibili gara. Egia esan zeozer jateko geratu garenean arbola ipurdi baten ondoan haizetik babesteko, izugarri hoztu gara, oinez hasi bitartean ez zen giro!


Eta etxera etorri eta amarekin batera, sukaldeko goxotasunean pelikula bat ikusi dut aspaldiko partez, "En el valle de Elah". Ez naiz oso zalea telebistan pelikulak ikustearena, aspergarri samarrak egiten zaizkit eta nahiago dut denbora beste zerbaitetan igaro, baina ikusita negoen arren, berriro ikusi dut. Banekien asko gustatu zitzaidala bere garaian ikusi nuenean, eta gaur ere berriro izugarrizko pelikula ona dela iruditu zait. Informazioa bilatuko duzue interneten, gainetik esanda, Irakeko gerran ibilitako militar gazte batzuen inguruko historia bat da, oso historia hunkigarria.

Pelikula oso lasaia da, erritmo oso lasaiekoa, oso kolore gutxi duena, tristea eta pentsarazten dizuna gai askorengan. Horien artean, gerrak dakartzan ondorio latzak, bertara joaten diren soldadu gazteen bizimodu gogorra, nola joaten diren esperientziarik gabe, eta gerrak dakarren egunerokotasun anker horrek nolako eragin ezkor eta suntsikorra duen beraiengan. Gazte joaten dira gerrara eta zahartuta bueltatzen dira, eduki ditzaketen sentimendu eta borondate on guztia gerla eremuan utzita. Beraien gainetik dabiltzanak, xake piezak izango bailiran erabiltzen dituzte, haruntza eraman hainbat, halako eta beste halako, eta benetan gerrako eremuan daudenak soldaduak dira, beraiek bizi eta ikusten dituzte gerraren ankerkeria, krudelkeria eta basakeria.

Benetan gomendagarria, EEBB-etan egiten dituzten hainbeste pelikula propagandistiko eta gerra goraipatzen dutenez at (makina bat tiro, misil, borroka eta gaiztoen aurkako jarraipen basati ikusi izan ditugu zine eta telebistan), horrelako pelikula bat ikusi, dastatu eta hausnartu beharra dago.

Hemen duzue kanta extraordinario bat, "Masters of War" izena du, eta Bob Dylanek 1962. urtean konposatua da, gerraren aurkako kanta bikain bat delarik. "Gerra hotza"-ren aurkako protesta kanta bat da, eta garai haietan hain modan egon ziren misilen ingurukoa.
Kanta honen inguruko informazioa ikusi orri honetan (oraindik prestatzen)




Eta baita Pearl Jam taldearen bertsio eder bat:




No comments:

Post a Comment