Oraingoan ez dut gehiegi idatziko, gure herriari buruz hitz batzuk. Euskal Herria zer den definitzea ez da erraza, makina bat borroka, gatazka, ez-ulertu eta historia beltz egon dira gure inguruan. Niretzat Euskal Herria, lehenik eta behin ezagutu behar den toki bat da, eta ezagutu ahala maitatuko duguna, bere lurralde, mendi, hiri, itsaso, erreka, basamortu eta biztanle.
Abertzalea izango naiz ziurrenik, baina nire aberria horixe da, nik maite dudan lurraldea, ez beste ezer, ez dut nahi beste ezertxorekin nahastu gaitzaten, nik gure lur hau maite dut, gure hizkuntza, gure kantuak, dantzak, laguntasunak eta negar egiteko moduak.
Orain dela gutxi Xabier Leteren poema errezitaldi batean entzun nuen hau, eta ezin dut hobeto adierazi aberriak niregan eragiten duena. Hauxe da:
SARRERA:
Gaur, izan ginen hartatik ia ezer ez denean geratzen
Berriro txuriz jantziak ikusi ditut mendiak
Ekialdeko bortu ederrak begiratu ditut hunkituak
Eta barnearen barne barnekatuenetik
Esnatu zait denboraren abaraskaren pean estalia zegoen mantua
Goiko mendian elurra dago, errekaldean izotza…
AMAIERA:
Basoilarrak kantatzen düzü Iratiko basuan…
Nik askotan pentsatu izan dut
Aberria nunbait baldin badago ez dagoela ez ideologiatan ezta politikoen
erranetan;
Aberria musika eta kantu xahar hauetan dagoela
Hor sentitzen dena, ni behintzat kokatua eta emozionatua
Eta paisana bat ikus genezake, hantzeman genezake, ororena,
Aspalditik letorkigukeena, hain hunkigarria…
Bideoa ere jarri egin dut, merezi du, benetan, kanta entzutea. Amaieran Xabier Leteren hitzak ez dira oso ongi entzuten, baina hor goian duzue esaten duena. Eta horixe da hain justu, nik neronek sentitzen dudana, horixe da aberria niretzat, eta ez beste makina bat tontakeri nonbaitetik sartu nahi digutenak.
Sarrera eta amaiera bitartean, Joxen Goikoetxeak "Basoilarrak" kanta herrikoiaren interpretazio zoragarri bat egiten du. Hunkitu egiten naiz bai kantarekin, bai Letek dioenarekin, "horixe naiz ni, hori da nik esan nahiko nuena", pentsatu nuen entzun nuenean.
Eta ezin hau amaitu Benito Lertxundiren "Oi ama Eskual Herri" kanta jarri gabe.
No comments:
Post a Comment