Monday, February 11, 2013

Elurra

Elurra ari du mara-mara Ataunen, gaueko 12ak direnean. Elur mataza lodiak, ixilak erortzen dira zeru ilun eta hotzetik. Lurra pixkanaka estalki zuriaz janzten ari da, patxada gozoz. Euriak erortzean hotsa ateratzen duen moduan, elur malutak ixil-ixilik lur hartzen dute, gauaren berezko ixiltasunarekin bat egin nahian bezala.


Txikitatik hain maite dudan elurra orain ikusten dudanean ere, poztu egiten naiz, elurrak duen edertasun hotzak oraindik liluratzen nau. Umeetan plastikoa hartu, aldapan gora igo eta ziztu bizian jaisten ginen, azken orduan frenatu, berriro gora igo eta etengabe jolasa errepikatuz. Ez zuen inporta hozten baginen ere, elurretan jolasten ari ginenean erretiratu gintezen, sekulako hotza sentitu beharko genuen, eta hotzez ikaratzen ez geunden bitartean, leña, jarraituko genuen gure plastiko miragarri harren gainean belozidade izugarrian goitik behera...

Baita elur pelotekin, dinbi-danba, elurra hartu, eskularruak ez bagenituen ere, eskuak erabat sumindu arte, pelotak egin eta bota, ezkutuan jarri eta aurkariari bota, bota eta bota! 

Zenbat aldiz, etxera etorri, zopa eginda arropak, guanteak, botak... sutondoan jarri, eskuak suminduta, berotan sartu ezinik, hotzez dardarka...harik eta berotasuna gorputzean sentitzen hasi bitartean, hura zen hura bero gozo eta pizgarria!

Txikitan pentsatzen nuen, niri elurra beti gustatuko zitzaidala, ez nintzela sekula aspertuko elurretan jolasten, plastikoarekin botako nintzela maldan behera nahiz eta adinean aurrera joan eta elur pelotekin beti jolastuko nuela...errealitateak erakutsi dit, amets hura egia zela hein batean, plastikoarekin ez naiz jaisten, noski, baina oraindik elur pelotekin jolastea gustokoa dut, eta mendian elurretan ere gustora ibiltzen naiz, nahiz aldapa gora zein behera.

Elurretako kanta bat. Vivaldiren "Negua", Lau urtaroak lanekoa. Oso polita eta doinu ezaguna egingo zaizu: 



Eta Mikel Laboaren "Baga biga" kantarekin, neguaren bideo polit bat dago hemen:




Eta baita Mikel Laboaren azkeneko diskako "Negua (txorien heriotza)" kanta bikain eta tristea. Zoragarria.


No comments:

Post a Comment