Ostiral atsaldeak asteko egun onena den moduan, igande iluntzea ez da horrelakoa izaten, hurrengo eguna astelehena izanik, burua lanean hasten da eta hurrengo egunari begira jartzen da eta astea oso luzea ikusten da, gainera aurreko astea motza izanda, oraindik ere aldapa handia daukagula aurrean eta ea nola joaten zaigun karnabal ondorengo aste hau.
Gaur Naparroa aldera joan gara, kuadrilan mendira igo gara, Adi mendi ederrera, elurra lepo zegoen eta Sorogaingo aterpetxean zerbeza presko eta indargarria hartu ondoren, etxerako bidea hartu dugu.
Eguraldi oso ona izan dugu, eguzkia lagun eta elur zuri eta ugarian gustora ibili gara. Aldapa handiak igo ditugu, haizea ere indartsu zebilen eta bista bikainak zeuden alderdi guztietara. Elurra ere izugarri zegoen, bi metroko elurraren gainean ibili gara basoan behera gentozela, eskerrak raketak genituela, dotore moldatu gara hauekin.
Gaurko kanta hemen duzue: Ismael Serranoren "Vine del norte" kanta bikaina. Gustatzen zait niri kantari hau, oso ahots berezia du, baina kantautore ausart eta mezua garbi bidaltzen duena dela iruditzen zait. Kanta eder asko ditu, "Papá cuéntame otra vez" izan zen bere kantarik ezagunena, eta orain dela gutxirarte kanta horixe zen niri ere gehiena gustatzen zitzaidana, baina azken aldian beste hartara zaletu naiz. Nire bakar-espedizio horietan lagun izaten dudan musika aparatu txikia martxan jartzen dudanean, gustoen entzuten dudan kanta hauxe da, oso melodia polita eta mezu ederra du, gainera Chileko diktaduraren aipamena egiten du. Ni asko hunkitzen nauen historia bat da, diktadura garaian gertatutako gauzen inguruko aipamen dexente egiten dira, tartean Victor Jara ere agertzen da eta bere maitasun kanta gailurra den "Te recuerdo Amanda". Hemen duzu kanta:
No comments:
Post a Comment