Herriko lanetan ibiltzeari eta norberaren probetxurako ez diren lanetan ibiltzeari herrigintza deitzen diot. Makina bat jende ibiltzen da, gure inguruan, norberaren mesedetan ez diren lanak egiten. Miresmen osoa diet nik horrelako jendeari.
Garai batean, Ataunen, oso hedatua zegoen auzolan kontzeptua, herritarrek, elkarlanean lan asko eta asko egiten zuten, lana egin, lagunartean egon, hitzegin eta hamaiketako eder batekin, gustora hurrengorarte.
Auzolan asunto hori galtzen joan da pixkanaka, gaur egun ez da erraza gure gizarte geroz eta indibidualistagoan talde lanerako jende gogotsua bilatzea, nik ikusten dudana nire inguruan bakoitzak berea egin eta kitto, hor konpon, lana egin dezala aldamenekoak, nik nire asunto eta gauzak baditut, ez dit gehiegi ajola beste edozerk.
Nik neonek ere auzolan handirik ez dut egin gaztetan, oain pentsatzen jarrita, iruditzen zait izu samarra eta nerekoia nintzela garai haietan, ez nintzen kontziente bazeudela inguruan lana egiteko motibo ugari. Denbora pasa ahala, bilatu ditut arrazoi ugari auzolan edo herrigintza hori egiteko, bai, egiteko, inplikatzeko eta indarra egiteko, eta gustora egiteko gainera, ikusten baitut, gure herri honen ezaugarrietako bat horixe dela, denok lana egitea denon onerako.
Egia esango dizuet, makina bat alditan egon naiz halako bilera edo halako tokitara joan beharra nuela eta ez joateko zorian, baina aitzakia merkerik ez dago bilatzerik, eta momentu batzutan gogo handirik ematen ez duen arren auzolaneko dinamika horrek (batez ere neke handia eta konpromezua eskatzen dutelako), badkit gero jasotzen den fruituak merezi duela, eta beraz, egin beharra dagoela.
Irakurtzen ari zaren hori ere, bai zu, zuk ere badaukazu zer egitekorik. Ziur egon zaitez, geldi egonda ez duzula lortuko eta beraz, utzi alde batera pereza eta alperkeria, eta ekin herrigintzari.
Gaurko kanta: "E, txo!", Hertzainak taldearena. Kantan esaten duen moduan:
Eh txo! Gehiegi itxoiten duk...
Atera hadi kalera,
ta berreskura hire martxa
itxoiten ezin duk ezer lortu
Atera hadi kalera,
ta berreskura hire martxa
itxoiten ezin duk ezer lortu
No comments:
Post a Comment